Gizarte arrakalarekin lotutako datuak eman zituen Telletxeak: 2013tik 2018ra bazterkeria egoeran zeuden pertsonen kopurua apur bat jaitsi arren, 334.000 ziren oraindik EAEn, eta, gainera, muturreko bazterkerian zeudenen ehunekoa igo egin zen, bizilagun guztien % 5,3tik % 8,8ra.
Errealitate horiei erantzuteko gizarte zerbitzuei dagokienez, hainbat aje dituzte, Felix Arrietaren arabera: ez direla ezagunak, ez daudela ondo egituratuta eta hainbat administrazioren menpe daudela, besteak beste.
Kortajarenak zioen erkidegoa aitzindari izan dela urteetan babes sozialari dagokionez, baina autokonplazentzian erori dela orain. Pandemiako bizipenek eta hark guztiok garela zaurgarri erakutsi izanak gizarte babes baliabideak berriro diseinatzeko balio behar dute, haren arabera.
Hamar saioko zikloa amaituta, balorazio baikorra egin du EH Bilduk.