Aloña Mendi Kirol Elkarteko triatloi sailak antolatuta, ohiko formatua berreskuratuko du aurten Oñatiko duatloiak, eta sprint distantziako lasterketa izatera pasako da gainera. Ibilbidean bost kilometro egin beharko dituzte lehenengo korrika parte-hartzaileek, gero hogei bizikletaz eta bi kilometro eta erdiko korrika saioarekin amaituko dute lasterketa Foruen Enparantzan. Iaz, pandemiak eraginda, atletak banan-banan irten ziren segurtasun neurri moduan, segundo batzuetako tartearekin, eta aurtengo aldian normaltasuna itzuliko da, alegia, taldean irtengo dira kirolariak, denak batera.
Probaren ezaugarriak
Korrikako ibilbideak aurreko aldietako gune garrantzitsuenak mantenduko ditu. Berrikuntza nagusia da Mondragon Unibertsitateko zuzengunean 180 gradutako bira gehitu dutela, ibilbidea lauagoa izan dadin, eta lehenengo korrikaldian bi bira emango zaizkio bi kilometro eta erdiko ibilbideari. Azkenengoan, bira bakarra egin beharko da.
Bizikletako zatiaren ezaugarri nagusia da Foruen Enparantzatik abiatuta, Atzeko Kaletik jarraitu eta Murgia auzoko Asentzioko ermitara igo beharko direla. San Martingo aldapatik jaitsi eta San Lorentzon gora egin beharko dute Olabarrietaraino. Udanako errepide zati bat moztuta dagoenez, 700 metro inguru igo beharko dituzte eta gero bira eman eta behera jaitsi beharko dira, bigarren itzuliari ekiteko.
Eta korrikaldiaren bigarren zatiaren ostean, helmuga Foruen Enparantzan mantenduko da.
Duatloi Txikia
Bi urteko atsedenaldiaren ostean eta herriko Eskola Kirolaren laguntzarekin, benjaminek eta alebinek Duatloi Txikian parte hartzeko aukera izango dute, arratsaldeko proba nagusia hasi aurretik.
Hau da benjaminek egin beharreko ibilbidea: 500 metro korrika, 1.500 metro bizikletaz eta 250 metro korrika. Alebinek, berriz, bikoitza: kilometro bat korrika, 3.500 metro bizikletaz eta 500 metro korrika.
Bi kategoria horien kasuan ez dute lehiakortasuna bultzatuko, txikienek kirolaz gozatzea izango baita helburua.