5.000 euroko diru laguntza emango du Oñatiko Udalak gizon eta emakumeen arteko aukera berdintasunaren eremuan lan egiten duten elkarteendako. Atzo onartu zuen diru laguntza hori udalbatzak eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dute orain. Behin publikatuta, hilabeteko epea izango dute elkarteek eskaera egiteko.
Ikastetxeendako eta guraso elkarteendako diru laguntza poltsa ere onartu zuten udal ordezkariek: 87.000 euro guztira. Jardun akademikotik kanpo, heziketa prozesuan eta herrirako aberasgarria den proiektu hezitzaileak diruz laguntzeko partida da hori, 2003tik ematen dena. Kasu honetan ere hilabeteko epea izango dute interesatuek eskaerak egiteko behin Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratua. Eskaerak jaso, balioztatu eta onartuko ditu gero Oñatiko Udaleko Hezkuntza departamenduak eta diruaren %60a banatuko dute onartuen artean. Irailaren amaieran urtean zehar egindako lanen justifikazioa eta txostena, memoria, entregatu beharko dute jaso dutenek, eta likidazioa egingo dute orduan.
Bestalde, Arantzauko Harrobia babestearen alde, Hiri Antolaketarako arauen aldaketa puntuala egitea ere aho batez onartu zuen udalbatzak. Lurzoru urbanizaezineko babes bereziko eta nekazaritza eta abelazkuntzarako zonetan erauzketa erabileraren inguruan, hain zuzen ere.