Bederatzigarren urtez jarraian, Antixena gaztetxekoak ez dira etxera joan

Hasier Larrea 2021ko abe. 13a, 12:00

Gaztetxea okupatu zuteneko urteurrena ospatu dute asteburuan Oñatiko gazte ugarik. Gosariarekin indarrak hartu dituzte zuhaitzak landatu eta jolasak egiteko. Bazkal aurretik udaletxeko arkupean egin dute elkarretaratzea, urteurrenaren harira egungo egoeraren irakurketa bat eginez.

"Ez gara etxera joan eta ez dugu joateko asmorik ere", adierazi dute Antixenako egunerokoa kudeatzen duten gazteek. 2020an jarri dute fokua, "gazteontzat eta gaztetxeentzat urte zaila izan zela" azpimarratuz. Aurtengo ideia orokorra iazko "kriminalizazio, debeku, mehatxu eta etengabeko jarraipen polizialari buelta ematea" izan dela aipatu dute. Oztopoak oztopo, "inoiz baino gazte gehiagoren konpromisoaz" aurrera egin dutela diote: "Hileroko egitaraua, gazte mugimendua, mobilizazioak, auzolanak, eskaintza kulturala zein bestelako dozenaka ekintzekin".

Korrika eguna gogoan

2021eko martxoaren 27an Korrika eguneko egitaraua Ertzaintzak zapuztu zuela ekarri dute gogora, baita erasoari apirilaren 10ean Herriko Plaza betez erantzun ziotela ere. Euskal Herriko gune autogestionatu guztiei babesa adierazi diete, bereziki Errotxapeako gaztetxeari.

Keinu egin diote, era berean, etorkizunari: "Aurten bederatzi, hurrengo urtean hamar, ez al dira gutxi samar?".

Egun osoko egitaraua

Kantu bazkariarekin egingo dute otordua, eta presoak oroituko dituzte arratsaldean, 18:30etik aurrera, poteo girotuarekin. 21:30etan hasita, Nikotina, Larru Beltzak eta DJ Bakallaua Saltzan igoko dira Antixenako oholtzara, gauari musika eta giroa jartzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak