Arrikrutzeko lehoiari buruzko azken liburua kalean da

Oihana Elorza 2021ko aza. 5a, 19:52

Iñaki Zubeldiaren Lehoiaren atzaparretan galduta lanarekin batera, irteera, kontaketa eta tailerrak antolatu dituzte.

Iñaki Zubeldiak eta Jesus Manuel Marotok aurkitu zuten Arrikrutzen duela 55 urte, 1966ko udazkenean, haitzuloetako lehoiaren hezurdura, eta aurkikuntza hori eta espeleologiarekin eta espeleologoekin lotutakoak jaso ditu Zubeldiak liburu berri honetan: Lehoiaren atzaparretan galduta.

Ia 200 orrialde dituen liburua da eta zientzia ikuspegitik garrantzi handia duen aurkikuntzaren nondik norakoak azaltzen ditu; Iberiar penintsulan aurkitutako animalia horren hezurdura osoena da, ia-ia hezur guztiak ditu. Liburu dendetan eta ohiko tokietan dago salgai, hamabi eurotan: Haritzan, Hirukarren, Ibarrondon, Txokolateixan, turismo bulegoan eta Arrikrutzen.

Azala Jabier Erostarbek diseinatutakoa da. Liburuaren egileak berak, Iñaki Zubeldiak, kontatuko du bizi izandakoa azaroaren 25ean, turismo bulegoan. Liburuarekin batera, Udalak prestatutako egitarauko ekitaldietako bat da hori. Hilaren 19an, irteera egingo dute Gordailura, Irunera, hezurdura ikustera –azaroaren 15a da izena emateko azken eguna, 943-71 88 08 zenbakian–, eta Lehoiaren tailerrak egingo dira Arrikrutzen eta turismo bulegoan, azaroaren 28an eta abenduaren 8an eta 26an.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak