Etxekoak, Aloñako Igoerako faboritoen artean

Oihana Elortza 2021ko urr. 8a, 09:28

Iñigo Goñiren eta Aitor Ajuriaren pare ibiliko dira Iban Letamendi eta Axier Alonso; eta Ainara Uribarri eta Malen Osa, Nerea Amilibia bezain indartsu aterako dira. Gary Baños omenduko dute lasterketa hasi aurretik.

Pandemiagatik birritan atzeratu dute data, baina, azkenean, egingo da aurten Aloñako Igoera; urriaren 17an izango da. 335 korrikalari daude izena emanda, eta horietatik 75 dira etxekoak, oñatiarrak. Debagoienekoak, 140, guztira.

Etxekoak, faboritoen artean

Eta lasterketako lehen postuetan ibiliko diren faboritoen artean dira, esaterako, mutiletan, Oñatiko hiru gazte: Iban Letamendi eta Axier Alonso. "Aurten ez da Walter Bezerra etorriko, baina bai, ordea, proba hau hirutan irabazi duen Imanol Goñi eta selekzioko kide Aitor Ajuria. Bi horiekin batera ibiliko dira Letamendi eta Alonso oñatiarrak ere", dio antolaketa lanetan dabilen Pablo Arejolaleibak. Emakumezkoen kategorian beste lau izen nabarmendu ditu: birritan irabazle izandako Nerea Amilibia eta azken hilabeteetan oso indartsu dabiltzan Ainara Uribarri eta Malen Osa oñatiarrak.

Egitea bera berezitasuna

Bi aldiz egin dute deialdia aurtengo lasterketarako izena emateko. Lehenengoa bertan behera gelditu zenean, pandemiagatik, atzeratu egin zuten, eta izena emanda zutenei aukera eman zieten zerrendan jarraitzeko edo uzteko. Libre gelditu ziren plazak zozketa bidez eman zituzten: 80 bat izen 30 postu betetzeko. Guztira, 335 lasterkarik hartuko dute parte; horietatik 31 izango dira emakumezkoak. Deabrua ere etorriko da.

Zerrendak, batetik, ibilbidea, bestetik, eta, batez ere, momentuko egoerak agintzen zituen eta jarraitu beharreko neurri eta arauak tarteko, makina bat aldiz elkartu dira antolatzaileak; ekainetik hona, batez ere. "Urriaren 17an egingo da, eta egin ahal izatea bera izango da probako berezitasunik handiena", dio Arejolaleibak.

Baños gogoan

Ohiko orduan, 09:00etan, aterako dira korrikalari guztiak Foruen plazatik, eta hantxe hel-mugaratuko dira. Lasterketa hasi aurretik, baina, otsailean hil zen Gary Baños omenduko dute; ekitaldi txiki bat egingo dute haren bikotekidea eta etxekoak aurrean direla, Baños gogoan. "Iñigo Guridi Kalibre moduan, Gary ere beti egon da laguntzen. Oso gertukoa genuen. Bere enpresa, Mail Box, hasieratik izan da gure babeslea, furgoneta ere makina bat aldiz utzi zigun eta bera ere askotan egon zen ibilbideko ezkinaren batean laguntzen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak