Instalazio berriekin eta bazkidetza merketuta hasiko du Aloñak denboraldia

Julen Iriondo M. de Zuazo 2021ko ira. 9a, 15:27

Azken asteetan prestaketa lanetan, Aloña Mendiren ohorezko erregionaleko mutilen taldeak asteburu honetan –Aretxabaletaren kontra, domekan 16:30ean– eta gainerako taldeek datozenetan ekingo diote lehiari. Ilusioz eta ahalik eta normalena izateko esperantzarekin hartu dute denboraldi berria elkartean.

300 bazkide ditu Aloña Mendik, gaur egun. Bestelako baja gutxi batzuk ere izan arren, batez ere heriotzek eraginda dihardu azkenaldian beherantz bazkide kopuruak, eta berriak lortzeko kanpaina jarriko dute martxan laster, Bueltan gatoz leloarekin. Pandemiaren eraginez 19-20 denboraldia normal bukatzerik egon ez zela-eta, iazko bazkidetza kuota merketu egin zuten 15 euro. Iazkoa ere ia ezerezean geratu zela aintzat hartuta, aurtengoa doakoa izatea ere aztertu zuen zuzendaritzak, baina, azkenerako, eta Batzar Nagusiak eta hainbat zalek ere hala izan behar duela iritzita, beste murrizpen batekin baina kuota pasatzea erabaki dute. 30 euro bazkide arruntentzat, ohikoak ziren 60 euroen erdia.

Horrez gain, jokalariek ordaindu beharreko kuotak ere igo egin dituzte. Kategoriaren arabera, 30 edo 45 euro izango dira hilean, hamar alditan. Igoera honekin, teknikari lanetan jardungo dutenei ordaindu egingo diete zertxobait.

Jokalariei dagokienez, 200 neska-mutiko inguru ariko dira futbol eskolan, eta hamalau talde izango dituzte hortik gora, hamar mutilenak eta lau neskenak. Kadete mailako bi neskak realean eta batek Eibarren jokatuko dute aurten; mutiletan ere badira Realean Oñatiko jokalariak: bi gazte daude astean behin Zubietara joaten direnak.

Azkenik, eraikin berri bat ere prest du Aloña Mendik aurtengo. Aldagelak, fisioterapia gela, biltegia, arropa garbiketarako gunea eta bulegoak ditu eraikinak. "Pozik" daude klubean, baina epe motz eta ertainean behar handiagoak dituztela ezkutatu gabe: leku berean edo beste batean futbol zelai berria egitea da Aloña Mendiren gogoa, baina horretarako denbora pasako denez, Azkoagaingo belar artifiziala hurrengo denboraldirako aldatzea nahi dute, oraingoaren iraupen aldi egokia aspalditxo agortu zelako eta aldatu beharra duelako.

Domekako mutilen talde nagusiaren derbiari begira, gehienezko edukieragatik, 300 zale sartu ahalko dira Azkoagainen, eta musukoarekin egon beharko da barruan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak