Erosketak tokikoan, edo Tokiokoan?

Maialen Santos 2021ko uzt. 23a, 15:49

Erosketak herrian egiteko Tokikozale sentsibilizazio kanpaina jarri du martxan Oñatiko Txanda dendarien elkarteak. Kotoizko poltsa bana emango diete erosketak herriko dendetan egiten dituztenei, eta horrekin argazkia atera eta sare sozialetara igoz, 50 euroko saria irabaz daiteke. 

Hitz joko bat erabiliz abiatu berri dute sentsibilizazio kanpaina: tokikoak egunerokoan duen garrantzia, eta ez Tokiokoak. Dendarien elkarteko kide Dorleta Fernandezek zehaztu du Tokioko Olinpiar Jokoak egiten ari direla aitzakia hartuta hautatu dutela kanpainarentzako izen hori. "Tokikozalea hitzak Oñatiko dendetan erosten zalea den pertsona deskribatzen du, bizi garen herri honetan erosketak egiteko joera duena, zero kilometroko gaiak kontsumitzen dituena eta herriari bizitza ematen diona", esan dute. 

Gazteendako, batez ere

Tokikoa batean eta Tokiokoa bestean dioten kartelak jarri dituzte herriko hainbat komertziotako atarietan. Herritar guztiei zuzendutako kanpaina da, baina, batez ere, jende gazteari begira egindakoa da, gazteak ere herriko komertzioetan kontsumitzera ohitu daitezen.

Poltsak eta diru sariak

Herriko dendetan erosten dutenek Tokikozale jartzen duen kotoi organikozko poltsa bat hartuko dute opari, egunerokoan erabiltzeko. Oporretan argazkia ateraz gero poltsa horrekin eta sare sozialetan zabaldu, #NiTokikozale traola erabiliz, Txandako Instagram zozketan parte hartuko du herritarrak eta Oñatiko dendetan erosteko 50 euroko sei sariren zozketan parte hartu zuzenean.

"Herritar guztiak animatu gura ditugu argazkiak igo eta gurekin bat egitera. Gainera, Oñatiko komertzioak digitalizazio prozesu batean sartuta daude. Konturatu gara pandemian erakusleihoak mugikorren bitartez ikusi dituztela askok; eta jende asko animatu da sare sozialetan aritzera. Eta orain ere horien laguntza behar dugu, dendariak urrutira hel gaitezen", adierazi du Fernandezek. Zozketaren irabazleak zein diren irailean jakinaraziko dute. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak