Diziplina ezberdinetan Euskal Herriko historian oihartzuna izan duten emakumeen inguruko pinturak eta biografiak daude erakusketa honetan eta euren lanbidetan edo ibilbidetan lagungarri izan zituzten hainbat elementuz apainduta dago; mapak, irrati bat, gitarra, eskolako mahaia edo koadroak, esaterako. Elementuetako batzuk, gainera, kultura etxeko atzeko plazatxoan daude, barruko erakusketaren osagarri.
Julene Azpeitia irakaslea, Carmen Adarraga kirolaria, Lourdes Iriondo abeslaria, Angela Figuera olerkaria, Menchu Gal pintorea, Dolores Ibarruri politikaria eta Joxepa Zubeldia bertsolaria dira, adibidez, erakusketa honetan jasota dauden emakumeetako batzuk. Dagoeneko hilda dauden 30 biltzen ditu erakusketa ibiltari honek.
Herriz herri, herritarrendako erreferenteak izan diren emakumeen izenak ere jaso gura ditu erakusketa honek. Eta horretarako, txoko bat prestatu dute erakusketa gelan.
Atzo, astelehena, zabaldu zuten erakusketa Emakundeko zuzendari Izaskun Landaida eta Oñatiko alkate Izaro Elorza, besteak beste, bertan zirela. Erakusketa hilaren 29ra arte egongo da ikusgai kultur etxean.