Oñati txokolate herria izanik, Oñatira ekartzeko arrazoiak bazeudela uste zuen Udalak, herriak duen txokolatearekin duen lotura estuagatik baina baita herri moduan memoria historikoa jaso eta transmititzeko duen arduragatik.
Ekartzea zen bat, baina nora eta non kolokatu erabaki beste bat. Izan ere baldintza oso zehatzak eskatzen dituen koadroa da: margo originalaren tamaina berekoa da, ia 8 metro luzeran eta 3,5 metro alturan, eta horrez gain, txokolatezkoa da, eta beraz, tenperatura egokia duen toki batean jarri behar. 18-20 gradu bitartean egon behar du txokolateak urtu ez dadin.
Kakaoz egindako Gernika hau piezaka egin dute; 14 piezaz dago osatuta eta horiek batetik bestera garraiatzeko egitura ULMAk prestatu du. Justu, txokolateak biltzeko makina izan zen ULMAk egin zuen lehen makina; aurten 60 urte betetzen ditu kooperatibak.
Asteazkenean ekarriko dituzte aldamioak eta Santa Ana aretoan jarri, horien gainean jartzeko txokolatezko piezak. Abuztuaren 8ra arte egongo da ikusteko aukera. Edukiera mugatua izango da, baina, ez da sarrerarik hartu beharko. 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara egongo da ikusgai, Santa Anan, txokolatezko Gernika. Erreplika honen argazkiarekin, gainera, txokolate tableta bereziak atera dituzte eta Txokolateixan daude salgai.