Palestinarrei elkartasuna adierazi diete

Maider Arregi 2021ko mai. 22a, 10:51

Hamaika eguneko gatazka armatuaren ostean, eta Egiptoren bitartekaritzari esker atzo, egubakoitza, iragarri zuten Israelen eta Hamasen arteko su-etena. Azken datuen arabera, gutxienez 243 lagun hil dituzte Gazan, eta hamabi Israelen. Behin-behineko bakea, ordea, "hauskorra dela oraindik" adierazi du Oñatiko Ernaik eta herriko hainbat eragilek Palestinarrei elkartasuna adierazi zieten atzo iluntzean egindako elkarretaratzean.

"Oñatiarrok irmoki salatu nahi dugu gure Palestinako anai-arrebek jasaten ari diren basakeria, eta bat egin nahi dugu Sionismo basatiaren aurkako borrokan", adierazi du Ernaik. Oñatiko Sortuk, LABek, EH Bilduk, Bargastak, Sare Feministak, Pentsionistak, Txatxilipurdiko Oñatiko Lan Taldeak, Antixena Gaztetxiak, Sasak Ta Hola taldeak eta Auzoko elkarteak bat egin dute elkarretaratzearekin.

"1948an alde-bakarretik hitzartuak izan ziren lurrak, palestinar herriari inongo kontsultarik egin gabe, ez dira errespetatuak izan. Ez hori bakarrik, 60 urtetan zehar, odolez konkistatu du estatu sionistak Palestina. Datuei so eginez gero argi eta garbi islatuta gelditzen da, azken 12 urtetan hildako israeldarrak 200era ez dira heltzen, eta palestinarrak 5.600dik gora dira. Sarraski bat izaten hari da, non batzuek harriekin borrokatzen duten eta besteek metrailetekin. Estatu israeldarrean joera eta asmoa argi gelditu da, jaun eta jabe gelditzea ONUk inposaturiko lurretan, bertako biztanleria beraien lurretatik bidaliz edo sinpleki desagerraraziz. Gaza erabat isolatuta gelditu da urteen poderioz, eta nabarmen egin da estrategia, indarraren bideko konkista, alegia. Garbi daukagu beraz Palestina-Israel auzia ez dela borroka justu batena, non lur batzuk diren helburu, baizik eta herri zapaldu batena, non botere ekonomiko nagusia duenak zapaltzaile rol-a hartu duen. Beraz Oñatitik eta Euskal Herritik elkartasuna eta babesa adierazi nahi diogu zapaldua den palestinar herriari".

Bihar, domeka, Donostian egingo den manifestazioan parte hartzeko dei ere egin dute. "Palestina, Kurdistan, Sahara eta Kolonbiako herriek jasaten duten errepresio gogorraren aurrean bat egiteko bihar egingo den manifestazioan parte hartzeko eskatzen diegu herritarrei".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak