Webgune eraberritua aurkeztu du Oñatiko Udalak

Julen Iriondo 2021ko mai. 20a, 14:03

Egokitzeko asmoa COVIDaren aurrekoa izan arren, azkenerako eragin handia izan dute egoera berriak sorrarazitako beharrek. Tramiteak lehen baino errazago egiteko aukera emango du, adibidez, webgune eraberrituak.

"Bitarteko teknologikoen erabilerak nabarmen egin du gora, komunikaziorako, tramiteetarako, eguneroko arretarako... online egitera behartuta egon gara askotan, eta berebiziko garrantzia hartu dute tresna hauek, eta erabilterrazak eta irisgarriak izateak izugarrizko garrantzia dauka", adierazi du Oñatiko alkate Izaro Elortzak webgune eraberrituaren aurkezpenean.

Honela, webgune berriak, adibidez, gehienezko edukiera kontuengatik kirol instalazioetan erreserba egiteko aukera ematen duen gunea toki destakatuan dakar, sarreren salmentarekin eta desfibriladoreen gaineko atalarekin batera. Webgune berriak malgutasun handiagoa emango du unean-unean gura duten atalak edo informazioak toki destakatuan jartzeko. 

Horrekin batera, tramiteak egiteko aukerak ere toki nabarmena du webgunean, egin beharrekoak ahalik eta klik gutxienetan egiteko. Gauza bera zerbitzuekin, Udalaren zerbitzu denak toki berean batu dituzte, erraz aurkitzeko modura. Herritarrei bilaketa erraztea eta guztientzako moduko hizkuntza erabiltzea nahi izan dute, hobetzea ohikoa izan ohi denarekiko.

"Oso instituzionalak izaten dira, hitz teknikoak, barruko funtzionamenduaren araberako antolaketa bat kanpora begira ere... Eta hori moldatu nahi izan dugu, herritarrek erabiltzen duten terminologia erabilita eta, herritarren lekuan jarrita, topatu gurako luketen horren arabera webgunea antolatuta", zioen Udaleko komunikazio arduradun Iker Oñatek.

Ohar praktikoak, kale mozketak eta antzerakoak, eta agenda ere atariaren azalean egongo dira. 

Honekin batera, udal komunikabideek ere euren tartea izango dute webgunean, eta sarbide zuzena azaletik. Albisteak irakurtzeko aukeraz gain, Oñati Irratia zuzenean entzun edo emankizuneko tarteak kontsultatzeko modua egongo da, baita Kontzejupetik aldizkariaren zenbakiak ere.

15.000 euroko aurrekontua izan du webgunea berritzeak, Eibarko Codesyntax enpresak egin du alderdi teknikoa eta gaur egungo kontsumoaren zati handi bat mugikorrekin izaten dela aintzat hartuta diseinatu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak