Bizikleten aparkaleku estaliak, erabilgarri

Oihana Elortza 2021ko mai. 7a, 15:33

Bizikletentzako aparkaleku estaliak jarri dituzte herriko hiru puntutan, baina gehiago jartzeko asmoa ere badu udalak, ikasleek asko erabiltzen jarraitzen dutela berresten bada, eta beharra baldin badago; patineteentzako ere egokitu du toki bat.

Bizikletentzako aparkaleku estaliak jarri dituzte Oñatiko hiru puntutan; baita patineteentzako beste bat ere. Aurrekontu parte-hartzaileetan ateratako eskaera bat izan da eta oraintxe egin dituzte lanak, zein behar dauden ikusita eta gune aproposenak zeintzuk izango ziren aztertuta.

Erabilera handitzen doa

Guneetako bat Txantxiku ikastola eta Zubikoa kiroldegi ingurua da. Udaltzaingoaren eraikinaren atzean dagoen txoko bat egokitu egin dute bizikletak aparkatzeko; berdura azoka ondoan jarri dute horretarako den beste gune bat ere, estalia, eta Santa Ana antzokiaren parean, pareta kontran, patineteak uzteko tokia prestatu dute. Inguru horretan patinete zein bizikleta asko egoten dira kaleko pareten kontra utzita, eta, jarritako zerbitzu horiekin, gutxiago ikusten dira.

Beste guneetako bat Oñati Institutua da, DBHko eta batxilergo mailako ikasleak dauden eraikina, Aita Madina kalean. Eta hirugarrena, Elkar Heziren Santa Marinako eraikinaren ondoan dagoena, kultur etxearen parean. Izan ere, berez ikasleek erabiltzeko pentsatuta dauden arren, edonorendako dira; esaterako, kultura etxera edo kiroldegira doan edozein herritarrendako. "Udaletik, mugikor-tasun jasangarriaren baitan, bai bultzatu ditugu ikasleak, batik bat, eskolara bizikletan, patine-ean edo oinez joatera. Eta ikusi dugu 2019tik 2020ra ohitura horrek gora egin duela. Garraio-bide horien beste kontaketa bat egingo dugu laster, ikusteko benetan badagoela igoera hori. Asko erabiltzen dira, eta guneak antolatu ditugu horri erantzuteko", dio Izaro Elorza alkateak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak