Oñatiko kultur ondarea ezagutu, batu eta ezagutarazi gura du Erreusak egitasmoak

Oihana Elorza Gorostiza 2021ko api. 19a, 20:35

Oñatiko kultur ondarea batu eta ezagutzera emateko asmoz, herriko baserrietako lanabesen, tresneriaren, bilketa eta katalogazioa egingo dute Erreusak izeneko egitasmoan. Astelehenean sinatu dute horretarako akordioa Oñatiko Udalak eta egitasmoa gidatuko duen Gure Bazterrak taldeak.

Oñatiko ondare etnografikoaren bilduma bateratu bat sortzeko lehen pausuak emango dituen ekimena da Erreusak. "Arantzazuko Soaunditta baserriko Pedro Urzelairi jasotako hitza da, Kandiko Izagirreren hiztegiaren arabera "hondatutako zerbait"-en esanahia duena. Gure asmoa, hain zuzen ere, erreus horiei balio historiko eta soziala gehitzea da", adieraz du goizean udaletxeko osoko bilkuren aretoan egin duten sinadura ekitaldian Arantzazu Sagarzazu Sacristán-ek, Gure Bazterrak taldeko presidenteak.

Lehengo eguneroko bizimoduekin lotutako objektuen katalogazio bat egitea da lan honen ardatzetako bat, bizimodu horien lekuko izan diren herritarren testigantzak jasoaz. Aurretik Oñatiko udal liburutegiko taldeak, Kapirixok edo Artixak egin dituzte ondare etnografikoa batzeko ahaleginak eta lan horiek osatzeko izango da hau. Eta talde lanean egin gura dute: "Prozesu hau talde lanean egin beharrekoa dela uste dugu, edozeinek egin eta ulertzeko moduan. Denok gara gure historiaren pare, modu baten edo bestean, eta denon ardura dela uste dugu, aurrekoek utzitako kultur ondarea jaso, zaindu eta ondorengoei uztea. Baina hau ez da zama astun bat, aukera bat baizik".

Gure Bazterrak taldeko Arantzazu Sagarzazu Sacristán eta Klara Larruzea Lobo antropologoek gidatuko dute egitasmoa eta eurek koordinatuko dituzte lan taldeak. "Landa-lan honetan, Oñatiko 88 interesgune bisitatuko ditugu -80 baserri, hiru tailer eta bost erakunde edo talde-. 72 boluntario, bi taldetan banatzea da asmoa, COVID-19aren gaitzak eskatzen dituen segurtasun neurriak beteta", azaldu du Larruzeak.

Landa-lan hori uztailean eta abuztuan egingo dute eta astebeteko konpromisoa eskatuko zaio boluntario bakoitzari, baserriz baserri joan eta informazioa batzeko. Herritar horiekin formazio saioak egingo dituzte ekainean, Gipuzkoako Probintziako Artxiko Historikoan, fitxak nola bete edo elkarrizketetan zer jaso azaltzeko.Edonork egiteko moduko lana dela aurreratu dute eta talde lana antolatzeko, izen-emate epea zabaldu dute gaur. Ekainaren 13ra arte egongo da zabalik. 18 urte beteta eta proiektuan parte hartzeko interesa duten herritarrek helbide honetara idatzita eman dezakete izena: erreusak@gmail.com. Izen-ematea da bost euro.

Boluntarioendako formazio saioak ez ezik, herritar denendako hitzaldiak ere egongo dira. Juan Martin Elexpuru, Fermin Leizaola, Suberri Matelo eta Xabier Kerexeta hizlariak etorriko dira maiatza eta ekaina bitartean. Agendan daude sartuta hitzaldiak.

Udalaren konpromisoa

Izaro Elorza Arregi alkateak azaldu duen moduan, herriko ondarea jasotzeak garrantzia duela sinistuta daude. 15.000 euro zituzten gordeta etnografiarako eta Gure Bazterrak taldeak egindako proiektuaren helburuekin bat egiten dutelako diru laguntza moduan emango diote talde horri kantitate hori egitasmoa egin ahal izateko. Kultura zinegotzi Iñaki Olalde Altzelaik, bestalde, Oñatiko baserritarrei dei egin gura diete egitasmoan parte hartzeko, proiektuak berme osoak dituela ziurtatuz. Gure Bazterrak taldeko kideek ere adierazi dute ez dutela jabeei kalterik sor dakiekeen ezer egingo.

Antixena gaztetxean jaio eta egoitza han duen taldea da Gure Bazterrak, euskara, historia eta kultura gaien inguruko interesa duten gaztez osatutako da eta honen aurretik beste proiektu batzuetan ere parte hartu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak