Arantzazurako eta Araotzerako mugikortasun plan berezia jarriko du Oñatiko Udalak Aste Santuko oporren aurretik, bertakoen eta turisten elkarbizitza bermatzeko: bost metrotik gorako ibilgailuendako kopurua 26ra mugatuko dute, eta autobus zerbitzua indartu.
COVID-19aren testuinguruan, nabarmen egin du gora barne turismoak, eta horrek arazoak sortu ditu, esaterako, Arantzazun eta Araotzen: eragina izan du eguneko bisitarien eta gaua pasatzera ibilgailu handiekin doazenen elkarbizitzan, auto pilaketak izan dira, aparkatzeko zailtasunak, gaizki aparkaturiko auto ugari, eta auzotarren eta bisitarien arteko elkarbizitzarako trabak ere bai. Horri irtenbidea topatu guran ibili dira udal ordezkariak, eta mugikortasun plan berezi bat prestatu dute, martxoaren 31n indarrean jarriko dena.
Baimendutako guneetan soilik
Arantzazun, esaterako, 26 aparkaleku egokituko dituzte bost metro baino gehiago dituzten ibilgailuendako. Seinalez adieraziko dituzte gune horiek –beheko aparkalekuetan egongo dira tokiak gordeta–. Aparkaleku horietatik kanpo ezingo dira tamaina horretako ibilgailuak aparkatu.
Araotzen, Jaturabe presa inguruko aparkalekua egokitu berri du Udalak, eta orain, baimendurik ez dagoen tokietan aparkatzeko debekua azaltzen duten seinaleak jarri ditu, Arantzazun bezala Araotzen ere gora egin duelako bisitarien kopuruak. "Barne turismoaren gorakadak auto ugari eroan ditu Araotz auzora. Horrek, tarteka, eragina izan du auzotarren egunerokoan eta haien ohiko mugikortasunean: sarri, bidea oztopatzen dute berez estua den auzo-bidean gaizki aparkaturiko autoek; ohikoa baino tamaina handiagoko ibilgailuek pasatzeko trabak izaten dituzte, tarteka –elurra kentzeko makinak, larrialdi zerbitzuetako ibilgailuak–, auzotarren zelai sarreretan aparkatzen da zenbaitetan... Arazoak antzeman dira, eta kexak heldu dira Udalera. Erantzuna eman beharra dago, denok goza dezagun parajeez", dio alkateak, Izaro Elorzak.
Autobus gehiago
Goiko aparkalekuetan tokirik topatzen ez duen bisitariak herrigunean dauden aparkalekuak ere erabil ahal izango ditu: Ibarran, Mondragon Unibertsitatearen alboko parkingean, postetxearen ondoan dagoena, eta San Martinen egokiturik dagoen autokarabanendako gunean legoke aparkatzeko lekua.
Martxoaren 31n jarriko dute indarrean mugikortasun plan berezia
Datozen opor egun hauetan, gainera, indartu egingo dute Oñati eta auzo bi horiek lotzen dituen autobus zerbitzua, eta herrigunean aparkatzen dutenak eroso joan ahal izango dira gora. Hala, 07:30etik 18:30era bitartean, orduero egongo da Arantzazura igotzeko aukera. Eta Arantzazutik jaisteko ere bai, 08:00etatik 19:00etara. Apirilaren 1etik 4ra artean jende asko egongo balitz, baliteke errefortzu zerbitzua jartzea, autobusak ordu erdian behin egonez igotzeko zein jaisteko. Araotzetik pasatzeko, abisua eman beharko da autobusa irten aurreko ordu erdian, 900 12 14 00 telefonora deituz.
Azken hilabeteetan ibili da Udala turisten eta bertakoen arteko elkarbizitza bermatzeko modua aurkitzeko lanean, eta martxoaren 31tik aurrera, Aste Santuko eta Pazko asteko egunetan, ikusiko da mugikortasun plan horrek arazoari erantzuten dion edo ez. "Orduantxe zehaztuko ditugu osteko urratsak, halako zerbaiten beharrik balego, beti ere. Bitartean, segi dezagun geure parajeez gozatzen, arduraz eta errespetuz", dio alkateak.
Kontrol puntuak
Kotxeen joan-etorria eta zirkulazioa handia izango dela aurreikusita, hauek mugatzeko hainbat kontrol-gune egongo dira Aste Santuko egunetan. Zehazki, Azkoagain parean, Araotzeko sarreran eta Arantzazun bertan kokatuko dira puntuok. Zeregin honetarako kontratatutako hainbat pertsona ibiliko dira lanotan. Behin aparkaleku guztiak beteta, ezin izango dira kotxe gehiago pasa, bertako bizilagunen edota jatetxeetako batean erreserba eginda dutenen kasuan izan ezik. Gainera, adinekoentzako edota mugikortasun arazoak dituztenentzat aparkaleku batzuk erreserbatuko dira. Horrez gain, autobus zerbitzua indartu egingo da; alde batetik, geraleku bat gehiago izango du herrigunean, Eroski-Elkar Hezi parean. Bestetik, ostegunean, ohiko ordutegi eta maiztasun berean beste autobus bat jarriko da. Hala, autobus bakarra irten beharrean, bi irtengo dira (biak ordu berean). Ostegunean autobusak zer nolako harrera eta erabilera duen ikusita erabakiko da hurrengo
egunetan ere autobus kopurua mantendu edo moldatu. Pazko asteari begira, Aste Santuko egunek ematen dutenaren arabera erabakiko da zein neurri aplikatuko diren. Udaletik autobus zerbitzua erabiltzeko deia egiten diegu herritar zein bisitariei.
Turismo eskaintza, zabalik
Bestalde, Oñatiko turismo eskaintza zabalik dago bertako zein kanpotik datozenendako. Herriko eraikinen bisita, Arrikrutz kobetakoak, Pottokaleku-ko zaldi irteerak, Arantzazuko parketxearen eskaintza, Santutegia bera, Txokolateixia eta Gomiztegi daude ikusteko, besteak beste, inguruko parajeetan ibiltzeko aukerez gain.