Bukatu dituzte Ugarkaldeko jolasgunea estaltzeko lanak

Oihana Elorza Gorostiza 2021ko mar. 15a, 18:47

Estruktura altu eta garden batekin babestu dute euritik Ugarkaldeko jolasgunea. Bukatu dituzte lanak eta asteburuaz geroztik erabilgarri dago.

2018ko aurrekontu parte-hartzaileetan bigarren proiektu bozkatua izan zen hau. 2020an ziren egitekoak, baina 2021aren lehen hiruhilekoan burutu dituzte estaltze lanak. Kokapena ikusita, proiektua definitzeko lana luzatu gura izan dute, tokira propio egokitutako diseinu egokia lantzeko. "Aisialdirako gune bat da, jende eguzkitan goxo egoten den toki bat, baina era berean euritik babestu gura dena", azaldu du arratsaldean alkateak, Izaro Elorzak.

Eta hori guztia kontutan hartuta diseinatu dute proiektu hau: "Taperstudio-kin jarri ginen harremanetan. Ingurua aztertu genuen eta hauxe proposatu ziguten. Altura handia duen estruktura bat da, eta gardena, hau da, eguzkia sartu bai baina era berean euritik babesten gaituena. Altura honek ematen diguna da haizea ere ondo banatzea eta bero egiten duen egunetan berotegi efektua murrizteko. Uste dut proiektua betetzen dituela guk jasota genituen puntuak, eta gustura gaude egindakoarekin".

Taperstudio-k egin du proiektuaren diseinua eta obren zuzendaritza lana; exekuzioa, berriz, Carpas Zaragoza-k. Aurrekontua izan da 144.000 euro, BEZ barne. Jolasguneko ziburu bat gelditu da aterpetik kanpo, guztietan altuena dena, iturri ondoan dagoena.

Argiteria ere jarri da

Hasierako asmoa ez bazen ere, azkenean argiteria jartzea erabaki dute eta horrela egin. Led motako 12 argi puntu edo foku daude estruktura barruan. Hasiera batean argiteria publikoarekin batera funtzionatuko dute, baina asmoa da gero pizteko eta itzaltzeko programatzea, gau guztian piztuta egon ez daitezen.

Hurrengoa, San Martin auzokoa

Ugarkaldekoan bezala, Errekaldeko jolaslekuan ere aldaketak egin dituzte azken urtean; zaharrak kendu eta sokadun kupula bat jarri dute han. Asmoa da poliki-poliki herriko jolasgune denak konpondu beharra izan ahala adin edo jolas mota diferente batera egokitzea eta guztiak bata bestearen osagarri izatea. Hurrengo esku-sartzea San Martin auzoko gunean egingo dute; itsasontzi forma duen jolas elementua berriztuko dute; aurtengo aurrekontuetan dago dirua gordeta horretarako.

Herriko jolasguneen mantenu lanak 30.000 bat euro izaten dira urtean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak