Prostatako minbizia nola antzeman zioten, medikuak zein aukera eman zizkion, orain arteko bidea zein izan den eta zein ondo dagoen bera kontatu du Jose Manuel Molinero 'Moli'-k. Batere lotsa barik kontatu du, gainera. "Badakit minbizi bera izan duten askok ez duela berbarik egin gura, beste batzuek berriz bai. Lagunen artean gaia ateratzen denean hitz egiten dugu bakoitzaren egoeraz, zein puntutan dagoen, zer pauso eman behar duen... Uste dut inportantea dela hori", esan du oñatiarrak.
Oñatiko Movember taldea urtero saiatzen da azaroko egitasmoa aurrera atera eta barrabiletako eta prostatako minbizia ezagutarazteko kanpaina berezi bat prestatzen. Eta saiatzen da horrelako gaixotasunen bat duen edo pasa duen oñatiar batekin egon eta haren esperientzia, testigantza plazaratzen. Aurten, 'Moli'-k kontatu du berea.
Maskarak agortu dira
Gaixotasuna ezagutaraztearekin batera dirua ere batzen dute, ikerketarako. Aurten, maskara bereziak atera dituzte, elkartasun maskarak. 100 atera dituzte eta 10 eurotan saldu. Denak agortu dira dagoeneko.