HEMEN DEBAGOIENA

Boluntarioen lana, ezinbesteko zutabe

Karmele Uribesalgo 2020ko aza. 7a, 09:30

Euskaraldia hasteko azken txanpan sartuta, lan handiko bolada da boluntarioentzat. Funtsezkoa da euren lana; txapak banatzen ari dira, izena ematen laguntzen edota materiala saltzen. 

Astelehen eta asteazkenero zabaltzen dute Euskaraldikoek Oñatiko Euskaldun Berria gela. Bi aste eskas falta dira Euskaraldirako, eta Beatriz Gereka eta halako boluntarioentzat lan askoko bolada da. 17:30 aldean batzen dira txanda bete behar duten bi boluntarioak. Mahaiak atondu, materiala atera, ordenagailua piztu eta, 18:00etan hasita, bi orduz aritzen dira lanean. Izena ematen laguntzen diete herritarrei, txapak banatzen dizkiete eta Euskaraldiarekin lotutako materiala ere badabiltza saltzen.

Erretiratuta dago Gereka, eta bere denbora librearen tarte bat Euskaraldiko prestaketa lanei eskaintzen die. "Jende beharra zegoen, eta, nik aukera neukanez eta euskararen mundua gustatzen zaidanez, animatu egin nintzen boluntario aritzera", azaldu du. Gerekak bezala, beste dozena bat oñatiarrek ere erabaki dute euren aletxoa ipintzea; parte hartzaile moduan ez ezik, boluntario gisa batuta.

Duela bi urteko Euskaraldian ere lan horiek egiten aritu zen Gereka, eta aitortu du, neurri batean, esperientzia horrek lana erraztu diela. Gainera, aurten, parte hartzaile askok Internet bidez eman dute izena, eta horrek ere lan kargaren zati bat kendu die boluntarioei.

Dena den, COVID-19aren pandemiak asko mugatu du ekimena. Izan ere, ez da posible, besteak beste, ekitaldiak antolatzea. "Pena da; duela bi urte, garai honetarako, hainbat ekintza egiten ari ginen, baina aurten pentsaezina da horrelakoak antolatzea", adierazi du Gerekak.

Euskaraldia bizitzeko beste era bat da, Gerekaren ustez, boluntario lanetan ibiltzea: "Gauzak beste modu batera ikusten dituzu, eta motibazioa ere areagotu egiten da". Gaineratu du lehen hitza euskaraz egitearen kontzientzia ere askoz lehenago hartzen dela boluntario lanetan ibilita. Gauzak horrela, ingurukoak xaxatzen ahalegintzen da. Gerekak argi dauka boluntariorik gabe ez litzatekeela posible izango hamabost eguneko ariketa hori egitea, lan handia da eta.

Aurten, 'belarriprest'

Aurreko edizioan ahobizi txapa jantzi zuen Gerekak, baina aurten belarriprest izateko erabakia hartu du. Euskara du ama hizkuntzatzat, baina proba bat egin nahi izan du. "Pentsatzen dut modu horretara balitekeela bestearen saiakera handiagoa izatea", azpimarratu du.

Ahobizi edo belarriprest izan, Euskaraldira batzeko gonbita egin dio Gerekak herritar orori. Euskaraldiaren bigarren ediziorako atzera kontaketa martxan da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak