Euskaraldiaren bigarren edizioan izena eman duten entitateetako ordezkariek –hiru ikastetxeetakoak, Tatarraz taldekoak, Musika Eskolakoak, futbol eskolakoak, eskola kirolekoak eta Lagun Lekukoak– eta Oñatiko Euskaraldiko batzordeko kideek agerraldia egin dute asteon, herritarrak azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo duten ariketa sozialean parte hartzera gonbidatzeko helburuarekin.
40 entitate eta 120 arigune
Irailera arte, herriko 40 entitatek eman dute izena Euskaraldian; eta horien baitan 120 arigune –euskaraz lasai aritzeko guneak– sortuko dituzte. 523 pertsona arituko dira, orotara, ariguneetan. Euskaraldiko batzordeko kide Beatriz Gerekak azaldu du uste dutela "egoera normalean" kopuruak handiagoak izango liratekeela; baina izena eman dutenak ez direla gutxi. Hala ere, kopuru horrekin "konformatzen" ez direla gehitu du: "Oñati osoa arigune izatea amesten dugu, oñatiar guztiek gutxienez euskaraz ulertzeko gaitasunarekin amets egiten dugu; horrek bermatuko bailuke edonon, edonorekin eta edozein egoeratan euskaraz egiteko benetako aukera izatea".
Norbanakoen txanda
Euskaraldian norbanako gisa izena emateko unea da orain, batzordeko Xabier Zabaletak adierazi duenez. "Gogoratu behar da ariguneetan izena eman duten entitateetako ordezkariek norbanako gisa ere eman behar dutela izena", zehaztu du. Hala, lehen edizioan moduan, ahobizi edo belarriprest rolak aukeratu beharko ditu norbanako bakoitzak. Horren harira, argitu dute rolaren aukeraketak ariketa egiteko hartzen den "jokabidea" erakusten duela; ez, ordea, euskaraz egiteko gaitasuna.
Informazio-gunea egokitu dute
Osasun krisiaren eraginez, izenematea online egitea "lehenetsi" dute edizio berrian, eta Euskaraldia.eus webgunearen bitartez egin behar da hori. Aurreko edizioan parte hartu zutenei, ordea, mezu elektroniko bat iritsi zaiela azaldu dute, "eta mezuan parte-hartzea berretsi besterik ez da egin behar". Bidebarrietako Euskaldun Berria gelan, baina, "informaziogunea" egokitu dute, izena online eman ezin dezakeenak edota zalantzaren bat argitu gura duenak bertara jo dezan. "Pertsona horiek laguntzeko prest izango gara astelehen eta eguaztenetan, 18:00etatik 20:00etara", dio Gerekak. Bestetik, azaroaren 2an hasiko dira txapak banatzen.