Herriko komertzioetan erabiltzeko bonuak eskuragarri daude dagoeneko Oñatin

Oihana Elorza Gorostiza 2020ko urr. 16a, 18:34

Oñatiko Udalak bonuak atera ditu herriko dendetan eta ostalaritzan erabiltzeko. Lehen Kuttuna egitasmoarekin egin zuen moduan, %20ko laguntza emango du Udalak. Dagoeneko eros daitezke bonu hauek, internet bidez eta baita ekimenarekin bat egin duten herriko komertzioetan ere.

Oñatiko Udalak bonuak atera ditu herriko komertzioetan erabiltzeko, bertako dendariei eta ostalariei bultzada eman eta herriko kontsumoa sustatzeko. 

Lehen Kuttuna egitasmoarekin egin zuen moduan orain ere %20ko diru laguntza emango du Udalak bonuen erosketa bakoitzean, Udalaren eta herritarren artean, denen artean, herriko merkataritzari laguntzeko eta herriko komertzio, denda eta ostalaritza zerbitzuek herrian sortzen duten giroa, ematen duten zerbitzua eta duten gertutasuna eskertzeko. 110.000 euro bideratu ditu Udalak ekimenera, 550.000 euroko diru mugimendua sor dezakeelarik.

Lankidetzan egindako proiektua

Oraingo ekimen honetarako sistema informatiko propioa garatu du Oñatiko Udalak, KUTTUNA egitasmoa egin zuten  Magnet kooperatibakoen laguntzarekin. Hala, sistema informatiko propioa izanda, gerora ere erabilgarri egongo da herrik dendari eta ostalariendako, bakoitzak erakusleiho moduan erabili ahal izateko eta herritarrei bonuak eskaintzen jarraitu ahal izateko, adibidez.

Oraingo bonuak eskuratzeko modua aurrekoaren berdina da: hau da, oñati.bonoak.eus helbidean sartu, zein dendetan erosketa egitea gura den aukeratu eta zenbateko bonua erosi gura dan klikatu.

Baina badu berritasun bat sistema honek; internet bidez ez ezik, dendara bertara joanda ere eros daitezke bonuak. Herriko dendariek eta ostalariek plataforma ezagutzeko saioak izan dituzte eta herritarrek bonuak euren komertzioetan atera ahal dizkiete. Txanda elkarteak oso pozik hartu du aukera hori, eta baita kanpaina bera ere.

60 komertzio, oraingoz

Bonuen bidezko laguntza horrek baditu muga eta baldintza batzuk, bai herritarrendako eta baita dendariendako ere. Esaterako, laguntza hori hamar langile baino gutxiago eta oñati.bonoak.eus webgunean alta ematen duten dendariendako izango da. Bonuak, berriz, Oñatin errolda-tutako 16 urtetiko gorako edozein herritarrek eskuratu eta eros ditzake, baina 200 euro izan ahal da deskonturik handiena. Bestalde, bonua ezingo da frakzionatu eta establezimendu bakoitzean 15.000 euro gastatu ahal izango dira, gehienez. 

Kanpainak iraungo du urtea bukatu arte. Oraingoz, herriko 60 komertzio atxiki dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak