Ertzaintzaren esanetan inguruko bizilagun batek deitu du istripuaren berri emateko. Opel Corsa markako autoan zihoan gidaria konorte barik zegoen eta anbulantzia iritsi denean baieztatu dute haren heriotza. Volvo kamioiko gidariak ere zauriak izan ditu eta Debagoieneko ospitalera bideratu dute. Suhiltzaileak ere bertaratu dira. Ertzaintzak ikerketa zabaldu du zer gertatu den zehazteko.
LAB sindikatuaren oharra
LABek oharra plazaratu du istripuaren harira. Sindikatuak "elkartasuna eta babesa" eskaini dizkie hildakoaren senideei eta lankideei. In itinere istripuan hildako irakaslearekin, urtea hasi zenetik 48 langile hil direla gogora ekarri du LABek –iaz, urte osoan, 46 izan ziren–, eta, horietaz gain, Joaquin Beltranek Zaldibarko zabortegian desagertuta jarraitzen duela.
"Argi daukagu lan istripuak ez direla zoriak edo kasualitateak sortuak, ematen diren lan harremanen, prekarizazioaren, lan arautegiaren eta behin behinekotasunaren emaitza dira", adierazi dute LABetik.