Kultura segurua dela garbi dute Ganbara Faktoriakoek eta protokolo zehatza jarraituz, prest dira ikasturtea hasteko. Ikastetxeak kantari proiektua izango da martxan jarriko ez den egitasmo bakarra. Gainerakoek, Ganbara eta Hots abesbatzek eta kantu eskolak ikasturteari ekingo diote hilabete honetan bertan.
Ganbara abesbatzak, esaterako, MUren ikasturtearen irekiera ekitaldian hartuko du parte, Eskoriatzako Huhezi fakultatean hilaren 18an. Horixe izango da ikasturterako lehen ekitaldia. Ez bakarra, ordea. Abenduan, Argia eta Iluna proiektuan parte hartuko du, kantu eskolako gazteekin eta Hots abesbatzakoekin batera. Abenduan egingo duten emanaldia da eta talde bakoitzak bere emanaldia egingo du: Ganbara abesbatzak Eternal Light kontzertua, Hots abesbatzak Lux kontzertua eta kantu eskolak Kaleko bizitza ezkutua musikala. Bestalde, Grand Prix zirkuituaren barruan oraindik inoiz abestu ez duten Varnako (Bulgaria) nazioarteko txapelketan kantatuko dute, maiatzean. Udan, berriz, euskal tradizioak oinarri izango dituen Erraiak emanaldia egingo du Oñatin.
Hots abesbatzak ere badu bere agenda eginda. Gabonak aurretik Oroimenean diskoa aurkeztuko du eta udan, joan den ekainean bertan behera gelditu zen Mirandako lehiaketan parte hartuko du. Erraiak emanaldian ere abestuko dute.
Kantu eskola
Ganbara eta Hots abesbatzek Santa Anan egiten dituzte egun entseguak. Kantu eskolako gazteek, berriz, faktoriak Errekalden duen lokalean egingo dituzte. Aurrez aurrekoak izatea lehenetsi dute, baina streaming bidez botako dituzte taldekideren batek koarentenagatik etxean egon beharra izanez gero handik jarraitzeko. Talde honek Baserrian izeneko kontzertua egingo du azaroan, eta Xomorroak izenekoa ekainean. Bitartean, abenduko proiektuan parte hartuko du gaueko ipuin musikatu bat eginez eta datorren urtean Oñatiko trena hizpide hartutako emanaldia eskainiko du.
Bazkideendako kontzertua
Bazkideak oso garrantzitsuak dira Ganbara Faktoriako kideendako eta esker onez, eurendako emanaldi bat eskaini ohi izan dute urtero. Ikasturte honetan ere horrela izango da: maiatzean izango da, Sacrum izeneko kontzertua. Aurten, gainera, Ganbara Lagun izateko beste era bat eskainiko du; 15 eurokoa izango da gutxieneko ekarpena. Laguntza hauekin, hainbat zerbitzu jasoko ditu bazkideak edo lagunak, adibidez: ospakizunetarako kontratazioetan %20ko beherapena, Kultura Elkarrekin aldizkaria, Gabonetako zozketan partizipazioa edo bazkideen kontzerturako sarrerak.
Matrikulazioa zabalik
Kantuan ikasiz, entzunez, eginez, hazi da ikasturte berrirako Ganbara Faktoriak aukeratu duen leloa eta kantu eskolarako izen-ematea zabalik dute. 3 urtetik batxiler mailako gazteendako: Ganbara hasiberriak tailerra (3-5 urte), Ganbara Txikitxoak (LH 1,2,3), Ganbara Txiki (LH 4tik bigarren batxilergoraino). Music training klaseak ere badituzte LHtik aurrerakoendako.
Matrikulazioa online egin ahal izango da bakarrik www.ganbarafaktoria.eus webgunean. Azken eguna irailaren 12a da. Ikasturtea irailaren 14an hasiko da. Informazio gehiagorako edo edozein zalantza argitzeko: ganbaratxiki@gmail.com.