ESKU-LTU-RA Kultura eskura programaren barruan zuzenekoak bueltan dira Oñatiko Gaztelekuan ere. Baina plazak mugatuak izanik laster agortu dira; horregatik, talde horien zaleek, etxetik gozatzeko aukera izango dute GOIENAri esker.
Metal doinuak eta rock iluna
Eskarmentu handiko hirukotea da Sharon Stoner; izan ere, 2001etik dabil lanean metal doinuak zabaltzen. Haien azken lana zazpi urteren ostean iritsi zen iaz: Erraietatik. Bandak orain arte grabatu duen lanik borobilena eta mardulena da hainbaten iritziz, eta horren erakusgarri Sateliteak kantua.
Bizarro boskoteak, 2018an sortutako taldeak, ostera, rock iluna, tristea eta gogorra egiten du, eta udaberrian aurkeztu zuen lan berria: Deshumanizazioa. Bost abestiz osatuta dago hori –ez dute diskorik atera, USB formatuan bakarrik–, eta aurrerapen kantua Giltzapeko oihuak izan da.