Asintomatikoak diren edo gertuko batek positiboa eman duelako berrogeialdia pasa behar duten herritarrendako prestatu dute Arantzazu Santutegia hotela; 45 gela. "Guk ez dugu harremanik izango eurekin. Telefono bidez egingo diete jarraipena Osakidetzatik. Jatordua ere katering enpresa batek ekarriko die", dio hoteleko zuzendariak, Karlos Odriozola oñatiarrak. "Guk betiko zerbitzua emango dugu tabernan eta jatetxean", gaineratu du. Osasun sailak prestatu du hotela berrogeialdia hor pasa behar dutenendako.
Odriozolak esan duen moduan, batez ere atzerritik Euskal Herrira etorri diren turistak hartuko dituzte: "Herbeheretako taldetxo bat zen etortzekoa, baina azkenean autobusean etxera bueltatzea erabaki dute, baimenak lortuta". Ostatu hartuko duen pertsonaren batek positibo emanez gero, ospitalera eramango dute.