Presentziala izan da ekaineko osoko bilkura

Oihana Elorza Gorostiza 2020ko eka. 25a, 21:23

Aurreko hiru osoko bilkurak telematikoki egin dituzte Oñatin. Gaurkoa, ekainekoa, osoko bilkuren aretoan egin dute, baina ezohiko eserlekuetan jarri dira zinegotzi gehienak. D2030 egitasmoa eta LGTBI izan zira landu dituzten gaietako bi.

Alarma egoeraren barruan, telematikoki egin ditu Oñatiko udalbatzak martxoko, apirileko eta maiatzeko ohiko osoko bilkurak. Gaur, eguena, egin du ekainekoa eta presentziala izan da; osoko bilkuran batu dira zinegotziak. Gehienak, baina, ezohiko eserlekuetan eseri dira: herritarrak egoten diren aulkietan eta musukoak jarrita.

Landu dituzten gaien artean D2030 (Debagoiena 2030) egitasmoa da. Debagoiena 2030, etorkizuna jomugan duen ekimena da. Herrigintza antolatua, erakunde publikoak, hezkuntza eragileak, enpresa pribatuak, kooperatibak zein herritarrak, lankidetzara eta elkarlanera bultzatzea da helburua eta etorkizunak jarritako erronkei elkarlanean erantzutea ezinbesteko ikusten du: izan klima aldaketarekin, garapen ekonomikoarekin, berdintasunarekin zein hezkuntzarekin loturikoak. Hainbat erakunde daude sartuta egitasmo horretan, tartean: Fagor, Ulma, Emun, Mondragon Unibertsitatea, Txatxilipurdi, Saiolan, Goiena, Debagoieneko tokiko administrazio publikoa, Agirre Lehendakaria Center, Gipuzkoako Foru Aldundia, Gizabidea... Eta Oñatiko Udalak ere bat egin du. Udalbatzako alderdi biek eman dute aldeko botoa.

Bestalde, LGTBI egitasmoaren gaineko mozio bateratua aurkeztu dute alderdi biek eta "Udal honek LGTBI pertsonen eskubideekin urteko egun guztietan duen konpromiso politikoa" berretsi dute.

Gai zerrendatik kanpo, duela egun batzuk Zubikoako tenis pistetako harmailetatik behera erori zen langilearen egoerak onera egin duela aipatu du Xabier Igartuak. Gertaera pasa zenean pasabide hori itxi egin zutela eta beste zein babes har dezaketen aztertzen ari direla gaineratu. Ezbeharra obra eremuetatik kanpo gertatu zen. Zubikoa kiroldegiko eraberritze lanak egiten ari den enpresa bateko langilea lan eremutik kanpo dagoen tenis pistetako harmailetatik behera erori zen. Gasteizeko ospitalera eraman zuten. Alderdi biek adierazi diote babesa berari eta senideei.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak