342.000 euro emango ditu Oñatiko Udalak COVID-19ak eragindako egoera arintzeko

Oihana Elorza Gorostiza 2020ko mai. 28a, 20:22

Telematikoki egin da maiatzeko osoko bilkura ere

Gaurko osoko bilkuran hartu du erabakia udalbatzak aho batez. Diru laguntza moduan banatuko dute eta uztailaren 30a aurretik egin beharko dira eskaerak.

COVID-19ak eragindako egoeraren aurrean Oñatiko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu sektoreko enpleguari eta jarduerari eusteko ezohiko diru laguntzen oinarriak eta deialdia egitea onartu du, gaur egin den maiatzeko osoko bilkuran, Oñatiko udalbatzak. 342.000 euro banatuko ditu laguntza horietara. Aho batez onartu da. "Alarma egoera hasi zenetik autonomoendako eta sektore horietako herritarrendako hobariak aplikatzea eskatzen genuen, laguntza moduan. Orain diru laguntza moduan etorri da eta pozten gara. Bestalde, Oñatin kontsumitzeko deia ere egiten dugu", azaldu du jeltzaleen bozeramaileak, Ainhoa Galdosek, puntua onartu denean.

Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dute orain erabaki hau eta han agertu eta hurrengo egunetik hasita, uztailaren 30era arte egin ahal izango dituzte eskaerak herritarrek.

Ika-mika foru funtsaren bueltan

Gai zerrendako azken puntuan, zortzigarrenean, Udal Finantziazioaren Foru Funtsari buruzko EH Bilduren mozioa irakurri du Izaro Elorza alkateak. Aldundiak udalei egindako 520ko murrizketarekin ados ez daudela esan du eta hiru eskaera egin dizkio Foru Aldundiari: "Elkarlanaren aldeko apustua egitea, alde bakarrekoa izan den erabakia berraztertzea eta udalekin batera hartzea erabakia eta udalekin batera ko-foro bat eratzea". EAJk ezezko botoa eman du esanaz erabakia aurrez udalekin egonda hartutako izan dela eta formula matematiko bidez kalkulatzen dela, agintean edozein egonda ere. Minutu asko hartu ditu eztabaida horrek, eta udalbatza osatzen duten bi alderdiek gaiaren inguruko kontrako iritzia dutela ikusi da.

Finantza planaren gainean ere iritzi ezberdinak

Eztabaida horretan, Galdosek esan du zerbitzu publikoa mantentzeko lanketa berezia egin beharko dutela aurten, eta hori nola egingo duten galdetu dio Udal Gobernuari, "alkateari egindako elkarrizketa batean berak aurrekontuei eusteko asmoa dutela irakurrita". Horri lotuta, aurrekontuak birplanteatzea eta "finantza plan baten beharra" ikusten dute jeltzaleek. Anjel Biainek ere aipatu du, "beste erakundeetatik etorri daitekeenari begiratu barik, udalak datozen hiruz-palu urteetarako finantza plan bat egiteko beharra" duela.

Udal Gobernuak ez du plan horren beharrik ikusten. 2,7 milioi euroko gerakina du udalaren egoera ona dela uste du. "Aldundiak pasatako prebisioekin egiten dira udal aurrekontuak eta datorren urtekoak ere horri begira egingo ditugu. Eta 2021ekoa egon daitekeen jaitsiera hori kontuan izanda egingo da", esan du Xabier Igartuak, sozioekonomiako batzorde buruak.

Paskual Elortondo kontu hartzaileak ere hartu du hitza, jeltzaleek bere iritzia eskatuta. Elortondok esan du Aldundiko teknikariek ere ez dakitela oraindik datorren urtea zelan etorriko den. "Badirudi 2020an joko duela ekonomiak behea eta 2021ean igo arren ez dela 2019ko egoerara iritsiko, baina inork ez dit esan oraindik foru funtsa nolakoa izango den", adierazi du udaleko kontu hartzaileak. Minutu asko hartu ditu gai horrek ere.

Ordubete eskas iraun du gaurko osoko bilkurak. Amaieran, COVID-19arekin hildako herritarrak izan dituzte gogoan udalbatzako kideek, jeltzaleek proposamena eginda.

EAJ-k gai hauei lotuta atera duen prentsa oharra hemen.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak