“Onartu ditugun dirulaguntzek momentu zailak bizi dituzten horien egoera arindu eta beren jarduerarekin jarraitzeko aukera ematea dute helburu”

Erabiltzailearen aurpegia EAJ-PNV Oñati 2020ko mai. 29a, 16:06

“Oñatiarrei bertan kontsumitzeko deia egiten diegu, elkarren beharra dugulako, oñatiarrek zerbitzuak behar dituzte eta zerbitzuek oñatiarrak behar dituzte bizirauteko”. Foru funtsari dagokionez: “diru-banaketaren inguruan zalantzak ereiten dituenak, ez du ezagutzen gure finantzaketa-sistema, edota, ezagutu arren, herritarrak nahastu nahian dabil”.

Atzo arratsaldean egindako Osoko Bilkuran Covid-19ak eragindako egoeraren aurrean Oñatiko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu sektoreko enpleguari eta jarduerari eusteko ez-ohiko diru laguntzen oinarria eta deialdia onartu zituen aho batez udal batzak. Honen harira, Ainhoa Galdos jeltzaleen bozeramaileak azaldu zuen Oñatiko autonomo enpresa txiki eta ertainei laguntzeko eta baita herriko dendariei laguntzeko neurri horien beharra krisiaren lehenengo momentutik ikusi eta defendatu duela bere taldeak. Hala, martxoan egin zen Osoko Bilkuran dagoeneko mahai gainean jarri zituzten jeltzaleek COVID 19ak eragindako krisiari aurre egiteko neurriak. EAJ-PNV udal taldeak eskatuta elkarlanerako mahaia osatu zen udalean neurriok lantzeko eta EAJk hobariak eta dirulaguntzak proposatu zituzten bertan.

Horiek horrela, pozik agertu zen Galdos bozeramailea atzo onartutakoarekin, “pauso garrantzitsu bat ematen delako”. Atzo onartutako neurriek “une zailak bizi dituzten horien egoera arinduko dutela eta haien jarduerarekin jarraitzeko aukera” emango dien itxaropena azaldu zuten jeltzaleek atzoko osoko bilkuran. Gainera, Oñatiko autonomoei, enpresa txikiei eta ertainei, herriari bizia eta zerbitzuak ematen dizkietenei, laguntzen jarraitzeko konpromisoa berretsi zuten. Udal-taldeen arteko elkarlana ere azpimarratu nahi izan zuen Ainhoa Galdosek. Horrez gain, teknikariek egindako lana balioan jarri zuen bozeramaile jeltzaleak: “eskerrak eman nahi dizkiegu teknikariei egiten ari diren eta egin beharko duten lanarengatik”. Galdosek herritarrei ere dei egin zien “oñatiarrei herrian bertan kontsumitzeko deia egiten diegu, elkarren beharra dugulako, oñatiarrek zerbitzuak behar dituzte eta zerbitzuek oñatiarrak behar dituzte bizirauteko”, azaldu zuen.

Eztabaida sortu zuen beste puntuetako bat Udal Finantzaketarako Foru Funtsaren inguruan EH Bilduk aurkeztutako mozioa izan zen. EAJ-PNV udal taldeak mozioaren aurka bozkatu zuen eta bi ideia nagusitan oinarritu zuen bere aurkako bozka. Batetik, apirilaren hasieran Gipuzkoako Foru Aldundiak udalei helarazi ziela COVID 19ak sortutako krisi ekonomikoaren eraginez zerga-bilketa aurreikuspenek %20-25eko jaitsiera izatea aurreikusten zela eta, ondorioz, zergen baitakoa den Foru Funtsak ere behera egingo zuela. Bestetik, zerga-bilketa aurreikuspenak egungo egoerara egokitzeak, Foru Funtsaren likidazioa egiten denean udalek diru kopuru handi bat itzuli beharra saihestea duela helburu.

Galdosek Foru Funtsaren inguruko argibide batzuk ere eman zituen, izan ere, mota honetako gaiak ez dira egunerokoan herritarrek erabiltzen ditugunak eta maiz ez dira oso ongi ulertzen. “Euskadiko Autonomia Erkidegoan, indarrean dagoen finantzaketa sistema arrisku partekatuaren irizpidean oinarritzen da: zerga bilketa hazten bada, administrazio guztiek jasotzen dute gehiago; behera egiten badu, denek galtzen dute”. 2019ko Foru Funtsaren likidazioa positiboa izan da eta udalek otsailean likidazioa egin zenean dirua jaso zuten. Aurreko urteko udazkenean egiten da zerga-bilketa aurreikuspena eta urtean zehar Foru Aldundiak udalei lau epetan aurreratzen die dirua aurreikuspen horien arabera. Hurrengo otsailean, zerga-bilketa datu errealarekin egiten da behin betiko likidazioa. 2020. urtean, ordea, 2019ko udazkenean egin zen aurreikuspenak ez du zer ikusirik COVID 19ak sortu duen egungo egoerarekin; hala, aurreikuspen horiek berrikusi ezean, udalek otsailean diru kopuru handi bat itzuli beharko lukete. “Foru Aldundiak berriki hartu duen erabakiak, hau da, 2020 urteko UFFF urtean bertan egokitzeak, honelako egoera bat saihestea du helburu” azaldu zuen Galdosek. Horren ildotik, 2011ko UFFFren aurrekaria ere aipatu zuen “2011an, krisiaren eraginez, zerga  bilketa nabarmen jaitsi zen eta 2012an 1,010 miloi euro itzuli behar izan zuen Oñatiko udalak”. Garai hartan Bilduren eskuetan zegoen Aldundia eta “BBNNetan itzulketa hori epeka egin ahal izateko eskaera onartu bazen ere, Bilduren gobernuak ez zuen erraztasunik eman eta itzulketak araudiak ezarritako epeetan egitera behartu zituen udalak”, honek, Galdosen hitzetan “eragin handia izan zuen udalen finantza egonkortasunean”.

Erabakia nola hartu den zalantzan jartzen dutenei erantzunez, Galdosek azaldu zuen orain Foru- Gobernuak hartutako erabakia, alarma-egoerak ahalbidetzen duen bezala, dekretuz hartu dela; “Oñatiko Udalean ere prozedura bera erabili da hainbat erabaki hartzeko”, gaineratu zuen. Hala ere, nabarmendu zuen, udalek egoeraren berri apirilaren 2tik izan dutela. EH Bilduren mozioak aipatzen duen “euskal erakundeen arteko diru-banaketaren aldaketa”ri dagokionez, Galdosek argitu zuen ez dela diru-banaketa aldatu, zerga-aurreikuspenak egokitu direla: “erakunde bakoitzak legez dagokiona jasoko du, aurreikusten denaren arabera, guztiek izango dituzte baliabide gutxiago herritarrei ematen dizkieten zerbitzuak emateko eta egoera horretan guztiek lehentasunak ezarri beharko dituzte”. Galdosek, hari beretik, azpimarratu zuen finantzaketa-sistema ezagutzen duen edonork badakiela ez dagoela aldaketarik euskal erakundeen arteko diru-banaketan; izan ere, “erakunde bakoitzari dagokion zatia formula matematiko bidez kalkulatzen da inongo manipulaziorik gabe, behin ekitaldia itxi eta zerga bilketaren datu erreala jakinda”. Galdosen iritziz, “zalantza horiek ereiten dituenak, ez du ezagutzen gure finantzaketa-sistema edo, ezagutu arren, herritarrak nahastu nahian dabil”. Jeltzaleen iritziz, argi dago diru-sarreren murrizketaren arrazoia zein izan den; hain zuen, COVID 19aren krisia, eta ez ForuGobernuaren erabakia.

Amaitzeko, EAJk mahai gainean jarri zuen lehentasunak ezarriz udalaren aurrekontua egokitzea beharrezkoa izango dela zerga-bilketaren jaitsiera honek izango duen eraginari aurre egiteko, “Gipuzkoako Foru Aldundiak aspaldi iragarri zuen lanketa hori eta zenbait udal ere badabiltza lan horretan dagoeneko, Bergara, Arrasate, Aretxabaleta… Oñatiko Udala ez da horietako bat, izan ere, komunikabideetan Oñatiko  alkateak iragarri berri du aurrekontuari eusteko asmoa duela, berak azaldu beharko du nola orekatuko duen aurrekontu hori diru-sarrerak murriztuko direla argi dagoenean”. Jeltzaleek 2020ko aurrekontua lehenbailehen birplanteatzea eskatu zioten udal gobernuari, eta horretarako, finantza  plan bat ere egitea.

“Gu ere sinetsita gaude elkarlana inoiz baino beharrezkoagoa dela, baina horrelako mozioek ez dute bide horretan batere laguntzen, egoera zein den jakinik eta euskal erakundeen finantzaketa sistema nolakoa den ezagututa, hobe litzateke indarrak eszenatoki berrira egokitutako udal aurrekontua eta plangintza egitera bideratzea”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak