Negozioak itxita dituzte eta zabaltzeko gogoz daude, ardurak izan arren

Oihana Elorza Gorostiza 2020ko mai. 2a, 15:56

Boga tabernako pertsiana itxita eta sarrerako atean oharra koronabirusagatik itxita dagoela adierazteko.

Martxoaren 15ean alarma egoera ezarri zenetik itxita daude herriko denda, taberna, jatetxe eta zerbitzu gehienak. Sarrerarik ez, gastuak bai, eta egoera noiz arte luzatuko den jakin barik. baina konfiantza dute herritarrengan eta itxaropentsu daude Oñatiko merkatariak eta ostalariak.

Zuhurtziaz baina era berean itxaropentsu begiratzen diote etorkizunari herriko dendariek eta ostalariek, bakoitzak bere egoeratik. Denak daude gogoz lanera bueltatu eta herritarrei betiko zerbitzua emateko.

Nolakoa izango den geroa

Garbi dute hori herriko merkatari eta ostalariek. Euren negozioak noiz zabalduko zain daude, gogoa dute lanera bueltatzeko eta herritarrei ohiko zerbitzua eskaintzeko, "betiko moduan, orain arte bezala".

Eta lanerako duten gogoa herritarrengan duten konfiantzari batzen diote; itxaropentsu daude. Hala ere, galdera asko eta kezka handiak dituzte, bai egun bizi duten egoerari lotuta, baita etorkizunari begira ere. Eta zuhurtziaz begiratzen diote geroari. "Esaterako, denda zabaldu arren, betiko moduan egin ahal izango dugu lana guk? Hau da, oinetakoak erostera datorrenari, probatu ahal izango dizkiogu guk, edo distantzia mantentzen jarraitu beharko dugu eta ondorioz saltzeko modua aldatu? Oraindik ez dakigu nolakoa izango den honen osteko egoera", dio Olalde oinetako dendako Ane Zumelagak.

Mauxka jatetxeko Agustin Otxoa-Aizpuruak ere antzerako kezka bat du, besteak beste: "Zabaltzeko baimena eman ahalaz bat lehengo jende kopuru bera sartu ahal izango da jatetxera, edo edukiera txikiagoa izango da?". Alemanian, esaterako, jatetxeak itxita egon arren sukaldeak zabalik izan dituzte eta herritarren artean sentsibilizazio kanpaina egin dute sare sozialen bitartez tarteka jatetxeetan janaria eskatzeko, sektore horri laguntzeko. "Gu ere ari gara aukera hori aztertzen. Berez, prestatu dezakegu eta guk etxeetara banatu. Baina inbertsio txiki bat egin behar da, eta pa-per asko bete. Etorkizunari nola moldatu ari gara begira, bai".

Kontzientziaziorako balio du

Herritarrek eta bertako komertzioek eta tabernek urtetan izandako gertuko harremana "onerako" izango dela uste dute Txanda dendarien elkarteko ordezkariek. "Egia da online erosteko ohitura baduela jendeak, eta egoera honetan oinarrizkoak ez diren produktuak online ez erosteko mezua zabaldu gura izan dugu. Hori hor dago. Baina guk badugu esperantza herritarrak ondo erantzungo dutela eta egoera hau amaitzen denean berriro bueltatuko direla guregana, gure negozioetara; badugu konfiantza", dio Aranburu bitxi dendako eta egungo Txandako presidenteak, Mari Paz Mancerasek. Gainera, negozioak itxita dauden sasoi honetan beste itxura bat du herriak, "hutsagoak daude kaleak, jendearen joan-etorriaz gain bada faltan igartzen den elementu bat", eta horretaz konturatuko direla oñatiarrak uste du Mancerasek: "Agian, herritarrengan kontzientziazio hori sortzeko balio izango du konfinamendu eta itxialdi honek".

Ardura handia dute

Baina etorkizuna nolakoa izango den jakin barik, egungo egoerari aurre egiten dute lan orain zerbitzuetan diharduten herritarrek. Sasoi hau ez dute denek berdin bizi. Denden kasuan, adibidez, herritarrek eskatu dituzte produktuak, etxeko zapatila batzuk oinetako dendan edo ilerako tindagaia ile-apaindegian, esaterako, baina taberna eta jatetxeetako jarduna etenda dago erabat. Negozio bakoitzaren egoera desberdina da, baina kezka eta ardura berdintsuak dituzte gehienek. Enpleguko udal teknikariak, Unai Kortabarriak, dio, esaterako, orokorrean beraien ardura transmititzen dutela, adibidez, Udalak jarri duen autonomoendako aholkularitza zerbitzuan: "Kasuan kasu, egoera desberdina bizi dute, baina gehienek aipatzen digute gastu mota ez-berdinei aurre egin behar die-tela –alokairuak, maileguak, hornitzaileak, langileen soldatak, argindarra, tasak eta zergak...– eta diru sarrerak etenda daude-la edo asko gutxitu zaizkiela". Egoera honi aurre egiteko diru-laguntzei buruzko informazioa eskatzen dute, bereziki: "Udalak COVID-19arekin lotutako diru laguntza eta neurri ekonomikoak biltzen dituen informazio buletin bat sortu du autonomo eta enpresa txikiei zuzenduta, eta hori bidaltzen diegu", dio Enplegu teknikariak.

Ez dute egoera samurra bizi sektore honetako langileek, baina herritarrei berriz ahalik eta zerbitzu onena eskaintzeko prestatzen ari dira. Eta egoerari onena atera guran, etxekoekin egoteko, behintzat, aprobetxatu dutela diote, duten egutegiarekin zaila izaten zaie-eta hori.

Herriko dendari eta ostalari batzuen iritzia

Axibar Palacin, Boga taberna: "Ziurgabetasuna. Hitz horrekin definituko genuke bizi dugun egoera. Ez dakigu noiz zabaldu ahal izango dugun taberna ezta nola ere, mugarik izango dugun... Lan barik eta arduratuta gaude, taberna zabaltzeko gogoz, herritarrekin berriz egoteko. Badugu esperantza lehengo girora bueltatzeko. Goraintziak herritar guztiei".

Isabel Negreira, Luar jantzi denda: "Martxoaren 14an ireki genuen azken aldiz. Udaberriko denboraldia galdutzat ematen dut. Martxoko eskaera jaso nuen, baina apirilekoa ez, eta ez dakit zer gertatuko den; jantziak hornitzen dizkidaten enpresek eskaerak bertan behera uzteko asmoa badute, baina ez dakit. Denda itxita eta fakturak ordaintzeko; gogorra da egoera".

Agustin Otxoa-Aizpurua, Mauxka jatetxea: "Martxoaren 13tik dugu itxita jatetxea eta ez dakigu noiz arte luzatuko den egoera. Aste honetan onartu digute langileendako ERTEa, baina ez dakigu alarma egoera amaitzean zer gertatuko den. Zabaltzen dugunean ere ez dakigu zenbateko edukiera izango duen gero jangelak. Galdera asko eta erantzun gutxi ditugu".

Izaskun Olabe, IO ile-apaindegia: "Lehen astea gogorra egin zitzaidan, baina erabaki nuen jarreraz aldatzea, eta baikor nago orain. Sare sozialak inoiz baino gehiago erabiltzen ditut: orrazkera edo makillaje tutorialak igotzen ditut, adibidez. Astean hiru bat formakuntza-saio jasotzen ditut online, eta prestatzen ari naiz zabalduko dugunerako".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak