50 bat lagun elkartu dira Oñatiko bazterrak marrazteko

Oihana Elorza Gorostiza 2020ko urt. 25a, 15:57

Marraztea gustuko duten Euskal Herri osoko 50 bat lagun elkartu dira goizean Oñatin bertan antolatu den sketchcrwal topaketan. Turismo bulegoan dagoen San Migel errota bisitatu dute lehenbizi, eta herriguneko izkinak marrazten hasi dira gero, nork bere teknikarekin.

Batzuk errotuladore finekin, beste batzuk sendoekin. Hainbatek zuri beltzean eta beste zenbaitek koloreekin. Bakoitzak ekarri ditu bere koadernoak, margoak eta markatzaileak, eta herriguneko puntu baten aurrean eseri eta marrazten hasi dira. "Hauxe gustatzen zaigu guri, marraztea. Eta bakarrik egin ordez, tarteka horrelako egunak, topaketak, antolatzen ditugu, elkartu eta marrazteko", dio antolatze lanetan ibili den Pili Azkaratek bergararrak.

Euskal Herri mailako topaketa izan da eta bailarako ordezkariak ere izan dira bertan, baita oñatiarrak ere. Bakarren bat, Zaragozatik etorri da.

Goizean talde argazkia atera dute unibertsitate aurrean eta Turismo Bulegoan dagoen San Migel errota bisitatu dute gero. Turismo Bulegoko Edurne Urteagak eman dizkie azalpenak eta askok argazkiak atera dituzte, handik gero marrazkia egiteko.

Baina errota ez ezik, Lazarraga parkeko zuhaitzak edo etxea, San Migel parrokiako paretak eta Santa Ana ere gordeta gelditu dira marrazkilarien koadernoetan. Txokoloteixia bisitatzeko aukera ere izan dute, eta elkarrekin bazkaldu dute gero gehienek. "Horrelakoak izaten dira hau bezalako egunetan egiten ditugun planak. Euskal Herriko herri bat aukeratu, bisitatu, pixka bat hobeto ezagutzeko, elkarrekin bazkaldu eta gure afizioaz gozatu. Litekeena da hurrengoa Urruñan egitea", adierazi du Azkaratek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak