Aloña Mendi Kirol Elkartearendako presidente berria aukeratzeko prozesua abiarazi dute

Mireia Bikuña 2020ko urt. 23a, 10:08

Otsailaren 8ra arte aurkeztu ahal izango dira hautagaitzak. Prozesu horretan presidenteaz gain, idazkaria eta diruzaina ere aukeratu beharko dituzte. Hauteskunde prozesuak irauten duen bitartean hautagaitzarik aurkezten ez bada, beste bide batzuk aztertu beharko dituzte.

Anton Inza, Angel Barrena eta Resu Murua dira egun Aloña Mendi Kirol Elkartearen zuzendaritza batzordeko kideak. Hirurendako ordezkariak behar ditu Oñatiko klubak, eta atzo, eguaztena, egindako ez ohiko batzarrean, aho batez, onartu zuten hauteskunde prozesua martxan ipintzea. Horretarako, egutegi bat zehaztu dute. Horren arabera, atzotik, urtarrilak 23, egungo zuzendaritza batzordeak jardunean egingo du lan.

Otsailaren 1ean botoa emateko eskubidea duten bazkideen zerrenda jendaurrean ipiniko dute. Otsailaren 8a izango da hautagaitzak aurkezteko azken eguna, eta horien kontrako errekurtsorik ez balego, otsailaren 20an egingo litzakete bozketa. "Gure asmoa da hilabete epean erreleboa gauzatzea. Dena den, kontziente gara, akaso, ez dela hautagaitzarik aurkeztuko. Hortaz, beste aukera batzuk ere baditugu esku artean. Ate joka hasiko gara orduan. Ni neu, modu horretan heldu nintzen Aloñara. Hauteskunde barik. Presidente izatera gonbidatu ninduten, eta onartu egin nuen", esan du 33 urtez Aloña Mendiko presidente izan den Anton Inzak.

Presidentearen lana

Aloña Mendi kirol elkarteak hamalau sail ditu egun. Sail bakoitzak modu autonomoan funtzionatzen du. Euren zuzendaritzak dituzte, eta lan egiteko modu ezberdinak. Hori horrela, kirol elkarteko presidentearen lana beste funtzio batzuetara bideratzen da. "Lan handiena tabernaren kudeaketak ematen du. Bestelakoa, presidentearen lana izaten da erakundeekin elkartzea, ekitaldi batzuetan ordezkari izatea, diru-laguntzak eskatzeko txostenak egitea... Era berean, elkartearen sail guztien aterkia da zuzendaritza orokorra. Ni prest nago laguntza emateko", esan du.

Sozietate mugatua

Bestalde, bazkideek aho batez onartu zuten kirol elkartearen zati bat sozietate mugatua izatea. Horren harira, elkartearen baitan dagoen negozio zatia (taberna, kinielak...) Aloña Mendi S.L.-k kudeatuko ditu aurrerantzean. Hala, kirol arloa liberatuta geldituko da eta horren ondorioz, elkartea onura publikoaren kirol entitate izendatu dute. "Orain arte CIF bakarrekin genbiltzan. Eta horrek arazoak sortzen zizkigun, diru-laguntzak eta bestelakoak eskatzeko. Gaur onartu duguna da negozio arloa eta kirol arloa modu independentean kudeatzea", esan du Inzak.

Saileko ordezkariak

Egungo zuzendaritza orokorraren azken batzarra eta agurra izanik, Aloña Mendiren sail ezberdinetako ordezkariak egon ziren ekitaldian. Futboleko, karateko, saskibaloiko, eskubaloiko, mendiko, espeleologiako, igeriketako... ordezkariak egon ziren. Horietako asko, urte mordoa daramate Aloña Mendiren alde lanean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak