"Oso gustura geratu gara. Harrera oso ona izan du, publiko asko erakarri dugu. Ume txikiak ziren horietako asko, eta hori nahi genuen hein handi baten. Pozik gaude". Hitz horiek izan zituen, obra bukatu eta minutu gutxira, ikuskizunaren zuzendari Aitor Biainek. Eta antzokiaren atarian GOIENAko kameraren aurrean erantzutera animatu ziren oñatiarren partetik ere zorion mezuak izan ziren nagusi ordubete eskas iraun zuen ikuskizunaren gainean.
Emozioen korapiloa askatu
Esandako moduan, Maxk munstroa –Aitor Garitano kantu irakasleak eman zion bizitza munstroari– da protagonista nagusia eta sentituko duen emozio-korapiloa askatu beharraren aitzakian, lotsa, maitasuna, beldurra eta bestelako sentipenen inguruan jardun zuten. Hamar emozio izan ziren denera, bakoitza kantu eta eszenografia banarekin jantzita. 30 bat lagunek hartu zuten parte ikuskizunean: 9 eta 12 urte bitarteko Ganbara Txikiko 25 lagunek; Eli Mendiaraz piano-jotzaileak; narratzaile lanak egin zituen zituen Miel Guridik; Maxk munstroari ahotsa jarriko zion Txomin Maidaganek; eta munstroari bizia eman zion Aitor Garitanok.