Lan hitzarmenaren aldeko lanuzteak egiten hasiak dira Natran

Maialen Regueiro 2019ko abe. 10a, 17:44

Azaroaren 29an, ELA sindikatuak deitutako batzar orokorra egin zen Natran eta sindikatuaren esanetan, enpresa batzordeak hilabeteak daramatza enpresa hitzarmena negoziatzen, oraindik plataforma sindikalari erantzunik eman ez badio ere. Gauzak horrela, astelehenean, abenduaren 9an, ekin zioten Natrako langileek lan hitzarmenaren aldeko mobilizazioei eta abenduaren 19ra bitartean luzatzea da asmoa. Errelebo bakoitzean bi orduko mobilizazioak egingo dituzte.

Natrako langileen aldarrikapenak

Sei dira Natrako langileek enpresari eskatzen dioten baldintzak: errelebo kontratua gauzatzea, laugarren erreleboko plusa hobetzea, antzinatasunaren araberako kategorien igoera, behin-behineko langileen egoera hobetzea, ultraaktibitate mugagabea eta KPIaren gaineko soldata igoera.

Hitzarmeneko "puntu atzerakoiak"

ELAk adierazi duenez, enpresak hitzarmenean "puntu atzerakoiak" sartzeko proposamena egin du, horrek langileek dagoeneko dituzten "eskubideen galera" suposatuko lukeelarik. Horrez gain, sindikatuak "genero desberdintasuna" salatu du, industriako sektorea "oso maskulinizatua" dagoela esanez.

Grebaren jarraipena

ELAren esanetan "greba jarraipen osoa izaten ari da", baina adierazi du, enpresaren "jarrera gogorra" salatzen jarraitu behar dutela. Horrekin batera, jakinarazi du, enpresak mantenu zerbitzu minimoak eskatu dituela.

Txokolate jana

Natrako langileek enpresarekin duen gatazka "sozializatzeko" asmoz, eguenean, hilaren 12an, txokolate jana izango da herriko plazan, 18:00etatik aurrera. Horrez gain, 19:00etan elkarretaratzea egingo dute.

Enpresaren erantzuna

Gaiaren inguruan enpresari galdetuta, Natratik erantzun dute negoziazio mahaia bat dagoela eta hor ari direla lantzen eta landuko dituztela lan hitzarmenaren gaia eta horren inguruko puntuak. Besterik ez dutela esaterik adierazi dute, erabakiak adosteko tokia negoziazio mahaia dela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak