Urteko azken egunean itxiko dituzte igerilekuak

Oihana Elorza Gorostiza 2019ko abe. 4a, 16:04

Urtarrilaren 1etik aurrera, Zubikoan eta Eltzian egongo dira egun kiroldegian dauden zerbitzu gehienak. Bi txartel izango dituzte aukeran abonatuek: Oñatikoa eta bailarakoa. Bigarren horrek aurten herrikoak izan duen kostu bera izango du 2020an.

Abenduaren 31n, urteko azken egunean, itxiko dituzte igerilekuak eta urtarrilean hasiko dituzte berriak egiteko lanak. Urtarrilaren 1etik aurrera, beraz, egun Zubikoan dauden kirol zerbitzu gehienak herriko bi eraikinetan egongo dira banatuta: kiroldegian bertan eta Eltzian. Igerilekuak erabiltzeko, Arrasate eta Bergarako udalekin egin du akordioa Oñatikoak, oñatiarrek herri horietako putzuak erabiltzeko igeri egiteko.

Zer Zubikoan eta zer Eltzian

Herriko igerilekuen faltan, ondoko herrietakoetara joan ahal izango dira 2020an oñatiarrak; izan ere, lanak urtebetean amaitzea aurreikusten dute udal ordezkariek. "Datorren urte hasieran ekingo diete lanei, eta, dena ondo bidean, 2021eko urte hasieran estreinatuko ditugu igerileku berriak", adierazi du Kirol zinegotziak, Maite Antonek.

Igerilekuen itxierarekin, baina, inguruko hainbat instalazio ere itxi egingo dituzte, hala nola azpiko aldagelak, aerobik gela, karate gela, bulegoak, medikuntza gela, gimnasioa, rokodromoa eta squash aretoak. Oskar Carrascal Kirol teknikariak, baina, azaldu du zerbitzuen berrantolaketa egingo dutela, ahalik eta aukera zabalena eskaintzen jarraitzeko herritarrei. "Gune hezeko zerbitzuak, rokodromoa eta squasha ezingo ditugu eskaini gero, baina bai beste zerbitzu guztiak. Zubikoan, esaterako, kantxak erabilgarri egongo dira, baita ekintza gidatuetarako erabiltzen diren bi gela. Beste zerbitzuak Eltzian kokatuko ditugu. Han egongo dira: gimnasioa, ekintza gidatuetarako gela, aldagelak eta komunak".

Eltziako hirugarren solairuan egongo da gero gimnasioa; egun Zubikoan dauden makina guztiak eramango dituzte hara. Gizonezkoentzako eta emakumeentzako aldagela bana ere egongo da, baina ez da dutxa zerbitzurik egongo; dutxatzera kiroldegira joan daitezke gimnasioko erabiltzaileak.

Txartela behar da

Obrek irauten duten bitartean, kantxa urdinean egokituko da Zubikoako sarrera edo harreragunea. Orain bezala, hatz-marka digitala edo bazkide txartela beharko da instalazioan sartzeko. Pilotalekua eta tenis pistak ere erabilgarri egongo dira, eta baita bi kantxak ere; 12:30etik 14:30era, baina, abonatuek kantxa bat erabili ahal izango dute jarduera fisikoa egiteko. Eltzian sartzeko ere txartela beharko dute herritarrek. Urtarrilaren 13an zabalduko dute hango gunea, eta, Maite Antonek adierazi duenez, bizpahiru egunetan ate irekiak egingo dituzte, jendeak han egokitutako instalazioak ikus eta proba ditzan.

Bi txartel mota izango dituzte aukeran herritarrek datorren urtean: Oñatikoa eta bailarakoa. Oñatiko txartelarekin bakarrik herriko kirol zerbitzuak erabili ahal izango dituzte herritarrek. "Gune hezearen gastuen kalkulua egin dugu eta hori izan dugu kontuan Oñatiko txartelaren kostua kalkulatzeko. Oñatiko kirol txartelaren prezioa 2020an izango da aurtengoarena baino %38 txikiagoa, gehi txartelak balio dituen bost euroak. Hori baina, kuotan sartuta dago", azaldu du Xabier Igartua zinegotziak. "Bailarako edo Mugiment txartela ateratzen duen herritarrak, berriz, 2019an herriko txartelagatik ordaindu duen kopuru bera ordainduko du", gaineratu du Igartuak.

Altak eta bajak

Carrascalek azaldu duenez, herriko txartela egin gura dutela esan ezean, Mugiment txartela edo bailarakoa egingo zaie, automatikoki, Oñatiko abonatuei. Hori, baina, urtarrilean zehar egingo da, ez lehen egunetan. Datozen egunetan, aldaketa guztiak jasotzen dituen informazio orria jasoko dute abonatuek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak