Aldundiak ezezkoa eman dio Olapotoko zubiko bidegorriari

Maialen Regueiro 2019ko aza. 28a, 12:45

Udalak jakinarazi duenez, saiakerek ez dute fruiturik eman, Gipuzkoako Foru Aldundiak ez baitu Olapotoko zubian bidegorria egiteko egitasmoa onartu. Udalak hainbat bilera egin ditu Aldundiko bide azpiegituretako ordezkariekin, Udanara doan bide zatia hari dagokiolako, baina ez du berau ahalbidetu.

Bidegorria 25 metro luzatzea

Gaur egun, 775 metroko luzera du Olabartatik Olapotora doan bidegorriak eta Udalaren proposamena zen, Olapotoko zubi gainak hartzen duen luzeran, –25 metro– bidegorria egitea, "zubiaren egitura aldatu gabe". Udalak Ginger Ingeniaritzak enpresari luzatu zion proiektuaren proposamena egiteko enkargua eta honek, "bidegorria bertatik pasatzea teknikoki bideragarria eta egingarria" zela baieztatu zuen. Proiektu hau aurrera eramateko ahalegin etengabean jardun du Udalak "bidegorriak zonaldeko irisga-rritasunari eta segurtasunari egingo lizkiokeen ekarpenak ikusirik". Aldundiak gainera, egindako hainbat bileren ostean onartu zuen proiektua "teknikoki egingarria" zela. Proiektu hau aurrera eramatearen gain kostua bere gain hartzeko prest zeuden Udala zein oposizioa.

Udalaren "atsekabea"

Udaletik adierazi dute, "atsekabetuta" daudela Aldundiaren erantzuna jakin dutenetik: "Proiektu honek eragindako buruhausteen artean aukera zegoen obra eta bide mozketak aprobetxatzea herritarrentzako irisgarriago eta seguruago den bidea gauzatzeko, baina zoritxarrez ez Aldundiak ez du onartu".

Aldundiaren argudioak

Aldundiko mugikortasun sailak bere aldetik, honela argudiatu du Udalak proposatutako proiektua ez onartu izana: "Kontuan izan behar da, zubiaren aurretik eta ondoren bidegorria errepide plataformatik kanpo dagoela eta beraz, ez da aproposa zubiaren tarte horretan errepide plataforma elkarbanatzea. Gainera, gaur egungo ibilbidea eraikita dago eta errepidetik zuzen proposatutako aukera baino 50 metro luzeagoa bada ere, beti izango da seguruagoa".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak