Oñati protagonista duen filma, zinema aretora

Maialen Regueiro 2019ko aza. 22a, 10:52

Maiatzetik irailera bitartean, grabaketa lanetan aritu da Odolusteak filmaren lantaldea eta asteburu honetan zinema aretoan estreinatuko da ikus-entzunezkoa. 45 minutu irauten du, Oñatiri buruzkoa da eta umorea ere badu ezaugarritzat.

Azken hilabeteetako lanak eman du bere fruitua eta asteburu honetan, Dwingi Dwingi taldearen Odolusteak filma estreinatuko da; horretarako, hainbat emanaldi izango dira. Honen harira, Ander Zelaia Dwingi Dwingi taldeko kideak hauxe adierazi du: "Herritarrei gustatuko zaielakoan gaude". Eta gehitu du: "Gure ingurukoek ikusteko aukera izan dute dagoeneko eta ikus-entzunezkoa gustatu zaiela esan digute". Aurrestreinaldia atzo egin bazuten ere, guztira hiru emanaldi ireki eskainiko dituzte.

Oñatiri buruzko lana

Hamabi pertsonaz osatutako lantaldea iaz abenduan hasi zen Odolusteak filmaren ideia osatzen. "Hasieran, ez geneukan argi zeri buruzko ikus-entzunezkoa izango zen, eta denborarekin ideia bat bururatu zitzaigun eta horri forma ematen hasi ginen. 2019ko otsailerako gidoia idatzita geneukan eta grabaketak maiatzetik irailera bitartean egin ditugu. Irailetik gaur egunera arte, gainontzekoak egiten aritu gara; postprodukzio lanak, alegia", adierazi du Zelaiak. Horrez gain, aipatu du, ikus-entzunezkoak 45 minutu irauten duela, "oso Oñatikoa" dela eta umore puntua ere baduela.

Youtuben zabalduko dute

Odolusteak filma Youtuben ikusteko aukera egongo dela aitortu du Zelaiak. Horrekin batera, aipatu du momentuz ez dutela inguruko herrietan aurkezteko aukeraz hausnartu.

Parte hartu dutenei eskertza

Ikus-entzunezkoa egiten aritu den lantaldeak proiektu hau aurrera eramaten lagundu duten guztiei eskertu nahi izan die: Oñatiko Udala, Ulma Taldea, Urbixako fonda eta Verkami plataforma bidez lagundu dutenei, Iñigo Idigoras Michael Zelaia, Xabi Calvo eta Iñaki Bizarrori, bereziki.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak