Bidegorria zuzen, Olapotoko zubi gainetik

Maialen Regueiro 2019ko aza. 7a, 15:20

EH Bildu eta EAJ, alderdi biak daude ados proiektuarekin eta hori gauzatzeko lanean jarraitzeko asmoa agertu dute biek. Udalak egindako proiektua ikusita, teknikoki posible dela esan du Aldundiak, eta errepide zati biak nola lotu dago aztertzeko. 

Kaletik Olabarrieta auzorako bidean, buelta oso bat egiten du bidegorriak Olapoto parean, eta, zubiak eraberritzeko lanak aprobetxatuz, zati horretan bidegorria zubitik pasatzeko lanak egin gura ditu Udalak. Horixe proposatu dio Aldundiari, eta proiektua teknikoki egingarria dela erantzun dio Diputazioak Udalari. Errepideen arteko lotura nola egin aztertu behar dute orain, baimena erabatekoa izan eta lanak egiteko.

Arriskua

Udana azpitik Olakua auzora bitartean dauden lau zubien eraberritze lanak ari da egiten orain Foru Aldundia, eta lan horiek aprobetxatu gurako lituzke Udalak bidegorriaren luzapena egiteko; errepidea itxita dagoen bitartean egitea, alegia. "Une honetan, Olabarrietatik kalerako norabidean 775 metro egiten ditu bidegorriak errepide kontra eta proiektua da beste 25 metro gehitzea bide zuzenari, kaleko bidegorriarekin batzeko", azaldu du Xabier Igartua zinegotziak. Igartuak gaineratu du arriskua ikusten dutela tarte horretan, eta hori saihesteko gura dutela egin bidegorria zubitik: "Zati horretan bidegorriak buelta bat ematen du eta askok zuzen egiten dute zatitxo hori, eta arrisku hori ikusita egin diogu proposamena Aldundiari". Alderdi jeltzaleko udal taldeak ere ondo ikusten du proiektua. "Orain, hainbat herritar zuzen joaten dira eta arriskutsua da puntu hori, bai. Guk ere ondo ikusten dugu proiektu hori. Harremanetan jarraituko dugu", adierazi du Ainhoa Galdosek.Irailetik dago Aldundiarekin harremanetan Udala eta Igartuak azaldu duen moduan, hasieratik proposatu zioten bidegorriaren proiektua: "Ingeniaritza enpresa batek proiektua egin du eta hori aurkeztu diogu Aldundiari. Bilerak egiten dihardugu. Oposizioak ere garbi ikusten du proiektua eta uste dugu hori lortzeko lanean jarraitu behar dugula, teknikoki posible da eta. Kostua Udalak hartuko luke".

Epe barruan

Zubiak eraberritzeko lanen inguruan, Xabier Igartuak azaldu du martxa onean doazela eta epeak betetzen ari direla. Lehen fasean, Udana aldera dauden zubiak indartzen ari dira eta bigarrenean egingo dituzte kale aldera dauden beste zubietako lanak. Hain zuzen ere, Aldundiaren baimena garaiz etorriz gero, epe horretan, fase horretan egin gurako lituzke lanak Udalak, "herritarrei ahalik eta endredo gutxien sorrarazteko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak