Adindun presoen egoera salatzeko, pedalei eragiten

Xabi Gorostidi 2019ko urr. 27a, 19:27

Sarek antolatuta, Elgoibar eta Oñati arteko bidea egin dute bizikletan ehun lagunetik gora. Helburua, adindunak diren presoen egoeran fokua jartzea, eta Elgoibarko Sebas Etxanizen eta Oñatiko Joseba Arregiren askapena eskatzea. 76 eta 73 urte dituzte hurrenez hurren, eta 81 urte bete arteko kondenak dituzte biek, nahiz eta "legedia aplikatuz gero, aske beharko luketen". 

Aldarrikapenez betetako bizikleta martxa antolatu du Sarek, Elgoibartik Oñatira. Bi herri horiek aukeratu dituzte, bertakoak baitira euskal preso adindunenetako bi: Sebas Etxaniz elgoibartarra –76 urte– eta Joseba Arregi oñatiarra –73 urte–. Gaurkoan salatu dute, besteak beste, "biek aske beharko luketela legedia aplikatuz gero", baina hala ere, 81 urte bete arte preso egoteko aurreikuspena dutela. 

Une honetan, Etxaniz Asturiasko kartzela batean dago, etxetik 373 kilometrora, eta Arregi, aldiz, Alicanten, Oñatitik 720 kilometrora.

Etxanizek, kondenaren hiru laurdenak bete zituen uztailean, eta ordutik aske beharko lukeela adierazi dute. Arregik Frantzian bete zituen kondenako lehen urteak, eta horiek kontuan hartuz gero, aske egongo zen dagoeneko. Baina Estrasburgoko epaiak zigor batuketak ukatu ostean, preso jarraitzen du, eta beste zortzi urteko kartzela zigorra du aurretik. "Bi kasuetan heriotzara arteko kartzela zigorrak ezartzen ari dira" azaldu dute Sareko kideek.

Ehun lagunetik gora egin dute bat ekimenarekin, eta mendiko zein errepideko bizikletekin bi herrien arteko ibilbidea osatu dute. Oñatiko Plazan eman dituzte azken pedalkadak, eta ekitaldi txiki bat egin dute bertan. Lehenik eta behin Arrasateko Leire Etxezarretak bi kantu abestu ditu, gitarra akustikoak lagunduta, eta Plazan batutakoen txalo zaparrada jaso du. Ostean Itziar Ugarte igo da oholtzara, hainbat poema kateatuz, bata bestearen atzetik. Etxanizen eta Arregiren senideei omenaldia egin diete, lora sortak emanez, eta gogotik eskertu dute jasotako babesa: "Zuen babesak eta maitasunak aurrera egiten laguntzen digute" adierazi du Joseba Arregiren emazteak. 

Sareren izenean, Joseba Azkarragak eta Pili Garciak hartu dute hitza. Biek ala biek, sakabanaketa politika amaitzeko beharra azpimarratu dute, "injustua delako" eta "presoen senideei zuzen-zuzenean eragiten dielako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak