Mende laurdena ospatzeko, Argentinara kantuan

Xabi Gorostidi 2019ko urr. 21a, 16:24

Ganbara abesbatzak 25 urte betetzen ditu aurten, eta zifra borobil hori ospatzeko Argentinara joango dira azaroan. Hamar eguneko bira bat izango da eta bost kontzertu egingo dituzte bertan. Orain arte lortutako babesleei eskerrak emateko eta bidaiarako dirua batzeko, kontzertua egingo dute domekan: Mikel Goiangerua parrokian, 19:00etan. 

Gaur arratsaldean egin dute biraren berri emateko prentsa agerraldia. Abesbatzako zuzendari Aitor Biainek adierazi du, askotan jaso izan dituztela kanpoan abesteko gonbidapenak, tamalez, finantziazio arazoak tarteko, baztertu egin behar izan dituztenak. Baina aurten, abesbatzaren 25. urteurrena denez, ez dute aukera pasatzen utzi: "Askotan jaso ditugu eskaintzak Europan zehar abesteko, eta baita Atlantikoaren beste aldera joateko ere. Baina era honetako bidaia bat finantzatzea zaila, eta gehienetan eskaintzak baztertzen ditugu. Baina duela urte bete pasa jaso genuen Argentinara joateko gonbidapena, eta esan genion gure buruari: 'Aurten, 25 urte betetzen ditugunez, zergatik ez dugu Argentinara joateko ahalegina egiten?"

Gonbidapena, Aste Nazionala deituriko jaialdian parte hartzeko zen. Jaialdia hiriz hiri mugitzen da urtero, eta aurtengoa Bahia Blanca hirian egingo dute, Buenos Aires-etik gertu dagoen kostaldeko hirian, hain zuzen. Bertan dago, Argentinako euskal etxerik zaharrena, munduko zaharren artean dagoena. Baina esan bezala, behin haraino joanda ez dira kontzertu bakarra egitera mugatuko eta guztira bost emanaldi egingo dituzte:

  • Azaroak 3: Tous Ensemble abesbatzarekin kontzertua, La Platan. 
  • Azaroak 4: Festival Mundial Buenos Aires Coral jaialdian kontzertua, irekiera ekitaldian.
  • Azaroak 5: Di Tella Unibertsitateko abesbatzarekin kontzertua, Buenos Airesen.
  • Azaroak 7: Semana Nacional Vasca jaialdian kontzertua, Bahia Blancan.
  • Azaroak 8: Abesbatzen topaketan kontzertua, Bahia Blancan. 

35 laguneko espedizioa joango dira Argentinara, azaroaren 1etik 1oera bitartean. Horietako bakoitzak diru ekarpena egingo du bidaia ordaintzeko, nahiz eta, zati bat babesle eta erakunde laguntzaileen ekarpenekin ordainduko duten. Hauek dira ekarpena egin duten erakunde publiko eta enpresak: Oñatiko Udala, Etxepare Euskal Institutua, Laboral Kutxa, ULMA Andamios y Enconfrados Argentina S.A., LKS Krean eta Auzokide Finka Administrazioak. Horrez gain, poltsa batzuk jarri dituzte salgai, eta dirua lortzeko Bagoaz Argentinara! izeneko kontzertua egingo dute domekan, Mikel Goiangerua parrokian, 19:00etan. Sarrerak 10 euroren erosi ahalko dira Txokolateixan, eta parrokia kanpoaldean, domekan bertan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak