Anfibioek bizitoki berria izango dute Belatxaran

Oihana Elorza Gorostiza 2019ko urr. 21a, 13:37

Iturrigorrin eta Olapoton dauden moduko beste putzu bat egingo dute auzolanean Belatxara inguruan anfibioendako, Natur Eskolak antolatu duen ibai Lagun programaren barruan. Dokumentalak, erreka garbiketa eta irteera ere egongo dira aste honetan eta hurrengoan. 

Anfibioendako hiru putzu egin dituzte azken urteetan Iturrigorrin eta beste bat Olapoton. Orain, Belatxara inguruan egokituko dute beste bat, hilerriaren azpian eta Ulmaren egoitza zentralaren atzean dagoen lursailean. "Anfibioek ura behar dute ugaltzeko, baina denak ez dira errekara joaten, putzuetara baizik. Ez dira toki askotan ikusten eta naturako beste elementu bat dira. Belatxara gune horretan lehen bazegoen hezegune bat, lehortu egin zena industria eraikitzeko. Eta gune hori berreskuratu aldera egingo dugu hor putzua", dio Natur Eskolako Aimar Uribesalgok.

Auzolanean

Egindako beste putzuetara animaliak hurbiltzen hasi direla esan du Uribesalgok: "Iturrigorrikoetan, esaterako, txantxikuak eta ugandreak sarri ikusten dira. Udaberri eta uda aldera bete beteta egoten dira. Dena dela, putzu horiek ez dira bakarrik anfibioendako. Inguruko landaretza ere berez sortutakoa izango da, guk ez dugu ezer landatzeko asmorik. Naturak sortzen dituen landareak egongo dira, edo animaliek beste nonbaitetik ekarri dituzten hazietatik hazi-takoak".

Natur Eskolak antolatu duen Ibai Lagun astearen barruan egingo den lehen ekintza izango da hori. Auzolanean egingo dute, urriaren 26an, zapatuan. Aste honetan, aste barruan, hondeamakinak joango dira zuloa egitera eta putzua prestatzen hastera. "Zapatuan, auzolanean egingo dugu beste guztia", dio Uribesalgok.

Izena eman behar da

Ugarkaldetik Zubillagara bitarteko erreka zatia garbituko dute, bestalde, erreka garbiketa egunean. Taldeka banatuko dira tarte horretan. "Azken urteetan, hobetu egin da uraren kalitatea. Duela 40 bat urte, ez zegoen ia bizitzarik eta usaina ere txarra zuen. Egun, askoz hobea da egoe-ra, perfektua ez bada ere. Lehen, pisu eta tamaina handiagoko gauzak egoten ziren errekan, gurpilak eta etxeko tresnak, esaterako, eta egia da gaur egun horrelakoak ez direla ikusten. Egun, plastikoak eta oihal zatiak bai, baina ez lehen adina".

Era berean, irteeran parte hartzeko gonbidapena egin du Uribesalgok: Arantzazuko errekan zehar izango da, Iturrigorritik Gesaltzaraino. Kareharrizkoa da ingurua, urak disolbatu egiten du eta forma ezberdinak sortzen dira. Iritegiko surjentziak, Okolako potoloa, sorgin erreka eta Gesaltzako kobazuloa ere ikusiko ditugu".

Ibai Lagun asterako antolatu-tako ekintzak herritar guztiei zuzenduta daude eta doan dira. Irteerarako, baina, aurrez eman behar da izena Natur Eskolara deituta: 943 71 64 04

Ekintza guztiak agendan daude

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak