Autobus txiki batek beteko du Oñati-Legazpi ibilbidea, zubiak konpontzeko lanak bukatu arte

Mireia Bikuña 2019ko urr. 9a, 09:55

 Hemeretzi lagunendako autobusa izango da, eta Oñatiko Udalak eta Legazpiko Udalak erdibana ordainduko dute aurrekontua: 15.000 euro bakoitzak. Goierri Bus enpresak egingo du joan-etorria, Olabarrietako bizilagunek erabiltzen duten bide bera erabilita. Zerbitzua debaldekoa izango da.

Bereziki, autobus erabiltzaileendako Lurraldebusek emandako irteeraren aurrean hartutako erabakia izan da. "Arrasate-Zumarraga linea izan da eskaini dutena. Euren hitzetan, horixe zen eskaini ahal zuten bakarra. Oñatiko Udalak eta Legazpiko Udalak argi ikusi dugu linea horrek ez zituela herritarren beharrak asetzen, eta hainbat bilera egin ostean lortu dugu autobus txikia martxan ipintzeko Mugikortasun sailaren baimena", esan du Oñatiko alkate Izaro Elorzak.

Oñati-Legazpi lineal beteko duen zerbitzua hiru tramotan egongo da erabilgarri: 07:00etatik 09:00etara, 13:00etatik 15:00etara eta 18:00etatik 20:00etara. Ordu erdiro ibiliko da autobusa tarte horietan. "Lurraldebusen erabiltzaile datuak hartu ditugu kontutan, eta horiek dira bidaiari gehien duten orduak. Bereziki, ikasleek eta Oñatira zein Legazpira lanera doazenek erabiltzen dute autobusa", esan du Legazpiko alkate Koldobike Olabidek.

Legazpiko lehenengo autobusa 07:05ean irtengo da, eta azkena 19:05ean. Oñatiko lehena 07:35ekoa izango da, eta azkena 19:35ekoa.  Astelehenetik egubakoitzera arte egongo da martxan. Asteburutan eta jaiegunetan ez da zerbitzurik egongo.

Debaldeko zerbitzua

Bi udalen artean finantzatuko dute zerbitzua 30.000 euroko aurrekontua du Goierri Busek emango duen zerbitzua. Ez dute beste erakundeen laguntzarik jasoko. "Baimena lortu dugu, eta hori ez da batere erreza. Pozik gaude behin behineko zerbitzu honekin, irtenbidea emango diogulako arazo larri honi", esan du Olabidek.

Oñati-Legazpi linea erabiltzea debaldekoa izango da. "Eskatzen duguna da zerbitzuaren erabilera arduratsua egitea. Hemeretzi lagunendako autobusa da. Txikia. Olabarrietan barrena ibiltzeko tamaina egokia duena. Eta autobus horren benetako beharra duten erabiltzaileak daude bi herrietan", azaldu dute.

Lurraldebusek dituen datuen arabera, egunero, 80 bat pertsonak egiten dute Oñati-Legazpi arteko joan-etorria. Ordu berean, gehienez, hamaika lagunek hartu dute autobusa.

Olabarrieta barrutik

Oñati-Legazpi linea egingo dute autobus txikiak, Udanatik pasatzeko baimen berezia duten erabiltzaileek egiten duten bide berbera egingo dute. Olabarrietako tabernara heltzen denean, ezkerretara, auzora sartuko da, eta auzotik barrena pasata, berriro helduko dira GI-2630 errepidera, garai batean zerrategian egon zen parera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak