Areto-futbolarekiko ilusioa itzuli da Zubikoara

Eneko Azurmendi 2019ko urr. 9a, 09:46

Sei urte ordezkaritza gabe egon ostean, talde berria izango du aurten Aloña Mendiko areto-futbol sailak gizonezkoen senior mailan, Ingou Aloña izenarekin. Urriaren 19ko asteburuan jokatuko dute estreinako partidua, Zaldibian.

Iaz gazte mailan jokatzen zuen taldeak senior mailara egin berri du jauzi. Hala, gazte mailako talderik ez da egongo aurten; bai, ordea, senior mailako talde berri bat.

Sei urte pasa dira Aloñako senior taldeak jokatzeari utzi zionetik, eta oraingoan indarrez bueltatu direla azaldu du Mikel Saiz talde berriko entrenatzaileetako batek: "Maila oneko taldea sortu dugu, eta garaipenak lortzea espero dugu". Bestalde, infantil mailan ere izango du ordezkaritza aurten, Aloñak.

Taldea, osatuta

17 eta 28 urte bitarteko hamasei jokalari arituko dira aurrerantzean taldearekin entrenatzen. Gehienak aurreko denboraldietan gazte mailan jokatzetik datozen arren, taldekide berri batzuk batu zaizkie aurten: lau jokalari eta entrenatzaile laguntzaile bat dira azkenengo sartu direnak, hain zuzen.

Entrenatzaile lanak Aitor Sanchezek egingo ditu; halere, Mikel Saiz eta Iñaki Iglesias –azken hau berria da– entrenatzaile laguntzaile lanetan arituko dira.

Partiduak, asteburutan

Ohikoa den moduan, asteburuetan jokatuko dituzte norgehiagokak, etxean zein kanpoan. Gipuzkoako hirugarren mailako ligan arituko dira; beraz, lurraldeko beste talde batzuk izango dituzte aurkari. Bi astean behin jokatuko dute etxean, Zubikoa kiroldegian, hain zuzen ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak