Ohiko osagaiak izango ditu Herri Egunak

Oihana Elorza Gorostiza 2019ko urr. 3a, 13:49

Artisauak Unibertsitateko klaustroan egongo dira

Udalarekin batera, herriko hainbat talde eta eragileren artean antolatutako eguna izango da urriaren 5ean ospatuko den Herri Eguna. Goiz hasi eta berandu bukatzeko moduko eguna, azoka, kontzertu, bazkari eta erakustaldiak tartean daudela. Posible da eguraldiagatik aldaketak egotea.

Goiz hasiko da aurtengo Herri Eguna ere. Lehen sektoreko herritarrak izango dira goiztiarrenak, beste behin, produktuak prest egon daitezen 09:00etarako. Horrek esan gura du 06:00etan elkartuko direla hainbat nekazari eta abeltzain. Baita Nekazarien Elkarteko bazkide batzuk ere, hark izango du-eta azoka antolatzeko ardura.

Herritarrekin batera

Baina Nekazarien Elkarteko bazkideez gain, herriko beste eragile askotako lagunek hartzen dute parte Herri Egunean. Udalak antolatzen duen ospakizuna da, baina, egiten diren ekitaldi askotan, herriko talde edo eragile ezberdin askok hartzen dute parte antolaketa horretan, eta, agian horregatik da jaietako egunik kuttunenetakoa oñatiarrendako.

Nekazarien Elkarteko zuzendaritzako lagunak ekainean hasten dira Herri Eguneko azoka prestatzen, nahiz eta irailean pilatzen zaizkien lan handienak. Aurten ere hiru lehiaketa egingo dituzte: barazkiena, frutena eta gaztena. Horrez gain, hainbat erakusketa ere egongo dira: behiena, behor eta zaldiena, astoena, pottokena, euskal txerriena, oiloena, ardiena, bildotsena, ahariena, ahuntzena eta loreena. Produktu guztiak, lehiaketakoak barne, Oñatin ekoiztutakoak edo hazitakoak izango dira.

Egun horretan goiz jaikiko den beste lagun talde bat ezker abertzaleko kideak dira. Eurak ibiliko dira taloak egiten eta zerbitzatzen. 07:00etan elkartuko dira muntatze lanak egin eta 09:00etan lanean hasteko. Foruen plazan egongo diren sagardogileak ere herritar talde txiki batek gonbidatuta etorriko dira. Beste behin, Gipuzkoako sagardogileak izango dira, 26 aurten. Eta aurreko urteetan moduan, edalontzia erosi behar da lehenengo, eta, horrekin, sagardo mota ezberdinak probatu ahal izango dira.

Herri bazkarirako sarrerak

Artisauen azoka ere goizean zehar egingo dute, unibertsitateko klaustroan. Hogei postu gordetzen dira oñatiar artisauendako; guztira, bertakoak eta kanpokoak, 30 egongo dira. Zeramika, oihala, larrua, pintura, beira... lehengai ezberdinak erabilita egindako eskulanak egongo dira salgai. Eta unibertsitatearen kanpoan, institutuaren ondoan, ogia, eztia, euskal pastelak eta kontserbak eroango dituzten beste hamazazpi postu egongo dira aurten.

Herri bazkaria egongo da goizeko ekitaldien ostean. Zubikoa kiroldegiko kantxa berdean izango da eta aurten, gainera, herriko talde batek zerbitzatuko du: Oñati abesbatzak. Janaria kanpoko enpresa batek eroango du, baina gero, Oñati abesbatzako kideak ibiliko dira zerbitzari lanetan. Bazkariko txartelak salgai daude kultura etxean eta Arrano eta Izarraitz tabernetan: 12 urtetik beherakoendako hamar eurotan eta nagusiendako hogei eurotan.

Herri kirolak

Herri kirolak egon ohi dira Herri Eguneko arratsaldean, eta aurten ere halaxe izango da. Ekitaldi hori ere herritar taldetxo batek bideratuta izaten da. Gaztetxoen txanda izango da lehenengo, eta profesionalen herri kirolen jaialdia gero. Foruen plazan izango dira biak; Zubikoan, eguraldi txarra egiten baldin badu.

Bestalde, egun horretan ere egongo da musika herrian. Goizean zehar, esaterako, musika eskolako trikitilariak ibiliko dira kalez kale panderoekin eta trikitiekin. Arratsaldean, Mirari, Aintzane eta Lutxurdio trikitilariek Atzeko kalean joko dute, Elektrotxaranga gaztetxetik txosnagunera joango da eta gauean kontzertuak egongo dira txosnagunean eta Foruen plazan.Hori guztia egongo da Herri Egunean urriaren 5ean, eta onena herriko edozein elkarte gastronomikotan salda eta txorizoa hartzea izango da, ateak zabalik egongo dira-eta denetan.

Nekazarien Elkarteak 40 urte bete ditu

Nekazarien Elkarteari lotuta dago aspalditik Herri Eguna. Elkarte horretako bazkideen ardura izaten dira goizean egiten diren barazkien, fruten, loren, gazten eta animalien erakusketak eta lehiaketak. Ekainean hasten dira prestatzen eta egunean bertan Olabarrietako soziedadeko kideen laguntza ere izaten dute. Aurten, 40 urte bete ditu Nekazarien Elkarteak, eta kantua sortu dute: Elias Zumaldek eta Isidro San Migelek egin dute letra eta Iñaxio Ibarrondok, musika. Elkartean, 1979ko urriaren 6an, urriko lehen zapatuan, egindako sokatira jaialdian irabazitako txapela dute eskegita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak