Euskal presoei keinu egiteko, herri dantza

Maialen Santos 2019ko ira. 27a, 10:24

Irati Fernandez dantzaria eta Juanje Anduaga Sareko kidea, entsegu batean. Argazkia: Oñatiko Sare

Jaien hasieran, falta direnak "oroitzeko" eta "kartzela politika injustuak" salatzeko dantza parte-hartzailea egingo dute bihar, zapatua, Sarek antolatuta. Txantxikuaren jaitsieraren aurretik izango da, arratsaldeko zazpietan, Oñatiko plazan

Urtero legez, herriko jaietako lehen egunarekin batera egingo dute euskal presoen aldeko ekitaldia. Aurten, baina, "ohikotik irteteko", dantza parte-hartzailea egingo dute herriko plazan, berrikuntza modura. Korapiloa askatzeko unea da leloarekin, euskal presoei keinua egingo die Sarek, herritarren laguntzarekin. Presoen Euskal Herriratzea, sakabanaketa amaitzea, kartzela-zigorren batuketa, gaixo larrien eta 70 urtetik gorakoen berehalako askatasuna eta graduen progresioa aldarrikatzeko baliatuko dute hitzordua, Sareko kide Juanje Anduagak adierazi duenez.

Dantzak, Oñatzen ardurapean

Euskal presoen giza eskubideak errespetatu daitezen eskatzeko, bi dantza egingo dituzte: Hegi eta Ostalerrak, hain zuzen ere. Txistulariz eta soinuz lagunduta egingo dira dantzak, eta horiek ikasi eta prestatzeko entseguak egin dituzte Oñatz Dantza Taldeko arduradunen gidaritzapean. Iraileko martitzen guztietan elkartu dira, Eltzian, eta, jendearen parte-hartzearekin pozik azaldu diren arren, egunean bertan jende gehiagok partehartzea espero dute, Anduagak esan bezala: "Edonork dantzatzeko moduko dantzak egingo ditugu, eta entseguetara joan ez den jendeak ere izango du dantza egiteko aukera". Gaineratu duenez, jendea aldarrikapenetara batzeko deialdia egin nahi dute, asmoa plazan egingo den ekitaldira ahalik eta jende gehien batzea baita.

Plazatik txosnagunera kalejiran

Jaiak ofizialki hasi aurretik izango da ekitaldia –egun berean arratsaldeko zortzietan hasiko dira–, eta laburra izango da, Sarek iragarri duenez: "Asmoa da dantza egin ostean guztiok elkarrekin joatea jaiei hasiera emango dien Txantxikuaren jaitsierara". Hain zuzen, plazatik hasita eta kalejira eginaz, txosna ingurura hurbiltzeko asmoa dute. Txaranga arduratuko da ibilbidean zehar musika jartzeaz; behin aldarrikapenak eginda, eta falta direnez ahaztu barik, jaien hasieraz behar bezala gozatzea da helburua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak