Urtero moduan, irailaren 28an, San Migel Aozaraza egunean, egingo dute nagusien danborrada. Gaueko hamaiketan hasita, herriko kaleak igaro eta plazan emango zaio amaiera.
Aurten, Txosna batzordeko taldea izan ezik, iazko konpainia berek hartuko dute parte danborradan, bandako kideekin eta aurtengo kintoekin batera. Hain zuzen, hainbat urtez danborradan parte hartu ostean, aurten Txosna batzordeko taldeak danborrik ez jotzea erabaki duela azaldu dute antolatzaileek.
Jende berriaren beharra
Helduen danborradako antolakuntzak hainbat deialdi egin behar izan ditu aurten: "Jende berria batu behar da danborradara, bai antolatzeko, baita parte hartzeko ere. Betidanik lan honetan ibili direnek urte asko daramatzate, eta, horregatik, aire berriak beharrezkoak dira". Gauza bera gertatu da aurten haurren danborradarekin ere: "Antolatzen zuen batzordeak utzi egin du. Iraileko danborrada antolatzeko beste batzorde bat sortu behar izan da; bestela, danborrada bertan behera geratzeko arriskua zegoen eta".
Eltziatik plazaraino
Eltzia parean hasiko dira danborrak jotzen, gaueko hamaiketan, eta Euskadi etorbidetik Kale Zaharrera bidean joango dira. Aita Madinatik plazara egingo dute danborrek, eta ondoren, Atzeko kaletik Kalegoieneraino joango dira. Kale Barrian behera sartuko dira plazan, gauerdian.Zaldunak, gastadoreak, barril jotzaileak, danbor jotzaileak, sukaldariak, dantzariak, banderadunak, bandako kideak eta kintoak kontuan hartuta, 200 lagunek baino gehiagok osatuko dute danborrada nagusia Oñatiko kaleetan zehar. Musika Bandak izango du musikaren ardura, azkeneko urteetan bezala. Horrela, San Migel jaiei hasiera emango diete oñatiarrek, nagusien danborradako kolore eta burrunbarekin.
Urtetik urtera, beherakada
Antolatzaileek diotenez, parte hartzen dutenen zifrak behera egiten du urtetik urtera, nahiz eta aurten zertxobait gora egin duen. "Duela hiru urte, 400 lagun inguru irten ziren danborradan, eta aurten, erdia izango dira. Dena den, aurtengo parte hartze datua nahiko positiboa da; izan ere, azken urteetako beheranzko tendentzia zertxobait gutxitu dela dirudi".