Emakume kirolariak ardatz dituen erakusketa

Imanol Beloki Unamuno 2019ko ira. 26a, 09:00

Ilunpetan argazki taldearen erakusketako argazki bat.

Ilunpetan Argazki Taldeak argazki erakusketa jarriko du San Migel jaietan herriko plazan. Aurten, berritasunekin datoz; izan ere, beti bezala, Oñati ardatz hartuko duten arren, emakume kirolariak izango dira bertako protagonistak.

Zapatuan hasi eta Oñatiko San Migel jaiak bukatu bitartean –urriaren 6a– ikusgai egongo da, Foruen plazan, Ilunpetan Argazki Taldearen argazki erakusketa. Urteak daramatzate egitasmo honekin, eta aurten ere argazki bikainez gozatzeko aukera izango dute udaletxeko arkupe azpitik pasatzen diren herritar guztiek.

Aurten, berritasunekin dator erakusketa; izan ere, zenbait urtetan, Oñati hartu dute gai moduan, baina, oraingoan, koherentzia pixka bat gehiago eman nahi izan diote argazkilariek erakusketari, eta, horretarako, gai zehatz bat hartu dute, eta kide guztien artean egin dituzte erretratu guztiak, elkarlanaren isla gisa. Oñatiko emakume kirolariak izan da uztartu duten gaia, eta argazki guztiak estudioan ateratakoak dira; zuri-beltzean jarriko dituzte ikusgai.

Denon artean lan bakarra

"Hamar bat urte inguru dela hasi ginen erakusketa honekin, eta beti jorratu dugu Oñati herria gai moduan. Taldeko kide bakoitzak bere erara ikusten du herria, eta, horregatik, koherentzia falta bat ikusten genuen argazki sortan. Hori horrela, aurten, denon artean lan bakar bat egitea erabaki dugu, taldelanean gauzatu duguna, eta Oñatiri buruz izango da, baina gai baten bueltakoa soilik; hau da, Oñatiko emakume kirolarien bueltakoa. Hala, guztira, hamahiru argazki plazaratuko ditugu…", adierazi du Asier Egañak, Ilunpetan Argazki Taldeko kideak.

Lukene Igartua eta Ilia Uriarte eskalatzaileak.

Estiloa zaindu

Oñatin indar handia du kirolak, eta, hori islatu guran, gai bila hasi zirenean, emakume kirolariak oinarri hartzea erabaki zuten Ilunpetan Argazki Taldekoek. Hamahiru argazkitan batu dute euren lana: futbola, eskubaloia, eskalada, igeriketa, mendi lasterketak, alpinismoa, sokatira, tenisa… egiten duten emakumezko oñatiarrei atera dizkiete argazkiak, eta emaitzarekin pozik agertu dira: "Gizakumeen kirolarekin alderatuta, ez zaio behar besteko garrantzirik ematen emakumeenari, eta konturatu ginen hutsune bat zegoela hor. Hala, hortik abiatuta hasi ginen ideia garatzen, eta, gero, argazkiak nola atera erabaki genuen… Azken emaitzarekin gustura geratu garela esan dezakegu".

Udan hasi ziren argazkiak ateratzen, eta azkenengoa, berriz, irailaren lehengo astean atera zuten. Horrenbestez, lana amaitu berri, aurtengo berritasunak funtzionatuko duen edo ez jakiteke, datozen edizioetan modu berean jarraitzea dela euren asmoa adierazi du Egañak: "Gaur egun, puri-purian dagoen gai bat ardatz moduan hartu dugu, eta funtzionatuko duelakoan gaude. Ea listoia mantentzeko gai garen. Aurrera begira, berriz, gustatuko litzaiguke Oñatiko beste zenbait gai hartu, eta hauen bueltan ateratako argazkiak lantzen eta plazaratzen jarraitzea".

Emaitzarekin gustura

"Ez da samurra neurtzea arrakasta handia izango duen edo ez aurtengo edizioak. Protagonistak gustura geratu dira, eta argazkiak atera ditugunok ere halaxe gaude. Oñatiko erdigunean jartzen dugu erakusketa zenbait egunez, eta ezinezkoa da kontrolatzea zenbatek ikusten duten. Hala ere, bertatik jende asko pasatzen da, eta erakusketa ikusia izango delakoan gaude. Gero, herritarrek esan beharko dute gustuko izan duten edo ez. Argazkiak, berriz, urriaren 6an kenduko ditugu arkupeetatik, eta, ostean, protagonistei oparituko dizkiegu".

Ainhoa eta Leire Egaña ahizpak.

Txinpartakoekin elkarlana

Ilunpetan Argazki Taldeko argazkilariek talde-lanean burutu duten proiektua bada ere, beste talde batekin ere izan dute elkarlana. Hain zuzen ere, beste edizio batzuetan egin duten moduan, argazki bakoitzak bertso bana izango du azpian, eta horretaz Txinparta Bertso Eskolako haurrak arduratu dira. "Guk Eltzia Topagunean dugu lokala eta Txinparta bertso eskolakoak, berriz, gure alboan daude; beraz, elkarlana ere izan da lan honen parte, eta argazkiak bertsoekin osatu ditugu lanen deskribapen gisa".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak