Eguaztenetik egongo da itxita Oñati eta Legazpi arteko errepidea

Oihana Elorza Gorostiza 2019ko ira. 17a, 14:40

Bihartik, eguaztena, itxita egongo da Udana mendate azpitik Olakuako lehen semaforo bitarteko errepide zatia, lau hilabetez. Olabarrietako auzotarrendako eta bertan lan egiten dutenendako ordezko bideak egokituko dituzte baina baimen berezia eskuratu beharko dute udaletxean. Gainerako ibilgailuek Bergaratik joan beharko dute Udanaz bestaldera. Arrasate-Oñati-Legazpi-Zumarraga autobus linea eten egingo dute.

Astelehenean, irailak 16, ziren hastekoak Ugarkalde paretik Udana hasiera bitarteko zubien konpontze lanak (GI-2630 errepidean), baina azkenean, bihar hasiko dituzte. Eta horrek esan gura du errepide tarte hori itxita egongo dela lanak egin bitartean; lau hilabetez.

Auzotarrendako baimenak

Errepide tarte horretan dago Olabarrieta auzoa, esaterako, eta bertako auzotarrek eta hor dauden lantegietako langileek bestelako bideak erabili beharko dituzte tarte horretan. "Auzo barrutik bideratuko da zirkulazioa, eta, horretarako, semaforo batzuk jarriko dituzte. Dena dela, Udana mendatean egunerokoan dabilen zirkulazio guztia ezingo da auzotik pasa; kamioi handiak, esaterako. Horiek beste errepide batzuk erabili beharko dituzte tarte horretan. Obrek irauten duten bitartean auzo barrutik ahalik eta ibilgailu gutxien pasatzea izango litzateke egokiena, eta horretan ahaleginduko gara", azaldu du alkateak, Izaro Elorzak. Egunero Legazpi aldera lanera joaten direnei, berriz, Bergarako bidea erabiltzeko dei egiten die Udalak. Berdin mendatearen bestaldetik Oñatira joan behar dutenei ere.

Auzotarrei, hango enpresetako langileei eta kalean bizi arren Olabarrietan duten baserrira sarri joaten diren herritarrei baimena emango diete ibilgailuarekin auzotik pasatzeko. Baimen horiek lortzeko, eskuorri bat bete beharko dute. Internetetik hartuta, Herritarren Arreta Zerbitzura joanda eska dezakete, edo baita postaz mezua bidalita ere, helbide honetara: haz@onati.eus.

Udana aldetik hasi

Udana azpitik Olakuako lehen semaforora bitartean lau aldiz zeharkatzen du errepidea Olaran errekak, eta lau zubi horiek indartu, egonkortu, behar dituzte. Gipuzkoako Foru Aldundiak egingo ditu lanak, eta, alkateak azaldu duenez, bi fasetan egingo dituzte: "Udana aldetik hasiko dira eta bi zubiren konpontze lanak sartuko dira lehenengo fasean. Pare bat hilabete beharko dituzte lan horiek egi-teko eta beste pare bat, gutxi gorabehera, Olakua aldera dauden beste biak indartzeko".

Autobusak

Inguru horretan bizi diren umeen eskola garraioan ere izango du eragina obrak. Autobus handi batek garraiatzen ditu hiru ikastetxeetara doazen ikasleak, eta lehen fasean zerbitzuak berdina izaten jarraituko du, autobusak auzo sarreran ematen du-eta buelta. "Bigarren faserako aukerak aztertzen ari gara orain ikastetxeko ordezkariekin batera", azaldu du alkateak. Aukeretako bat izan daiteke, akaso, autobus handia erabili beharrean txikiak erabiltzea.

Garraio publikoan ere eragin zuzena dute lan hauek. Zumarraga-Oñati-Arrasate autobus linea moztu eta Oñati eta Arrasate artean soilik beteko zela iragarri zuen Foru Aldundiak. Baina Oñatiko eta Legazpiko udalak ez daude horrekin ados eta halaxe jakinarazi zieten Aldundiko ordezkariei. Diputazioak jakin arazi du, bestalde, Arrasate eta Zumarraga arteko linea berria jarriko dutela astelehenetik, gaurtik. Mugikortasun sailekoekin hitz egiteko saiakerak egiten jarraituko dute udal ordezkariek.

Lau zubi

Lau zubi birgaituko dituzte. Horietako azkena da Olakua amaieran eta Ugarkalde hasieran dagoena. Lan horiek aprobetxatuz, herritik Olabarrieta aldera doan bidegorria zuzenean egiteko aukera ikusi du Udalak. Foru Aldundiari helarazi dio nahi hori, baina ez du oraindik erantzunik jaso. Egingo dituzten lanetan, baina, ez da hori egitea jasotzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak