Maider Arregi bigarren izan da Oñatin jokatutako lehen kanporaketan

Xabi Gorostidi 2019ko ira. 14a, 21:39

Saio txukun askoa egin du etxeko zaleen aurrean, eta 436 punturekin hasiera ederra eman dio Gipuzkoako Txapelketari. Lehen postua Haritz Mujikarentzat izan da, 447 punturekin, eta final laurdenetarako txartela poltsikoratu du. Arregi eta gainontzeko laurek adi egon beharko dute beste saioetako puntuazioei, baina bigarren postuarekin Arregik aukerak izan ditzake lehiaketan aurrera egiteko. 

 
Oñatiko Santa Ana aretoa lepo bete da Gipuzkoako Txapelketako final zortzirenetako kanporaketa ikusteko. Sei bertsolari hauek aritu dira oholtza gainean kantuan: Maider Arregi, Felix Zubia, Aratz Igartzabal, Haritz Mujika, Andoni Mujika eta Amaia Iturriotz.
 
Zortziko handiarekin hasi dira, txikia jarraian eta puntuka beste bi ariketa egin dituzte. Ostean, hamarreko txikian aritu dira, eta amaitzeko kartzelakoa. Hau izan da gaia: kazetaria zara, baina lan jardunean ez zara libre sentitzen.
 
Zubia izan da oholtzara igotzen lehena. Tokiko komunikabide batetik EITBra jauzi egiten duen kazetari baten komeriak izan ditu hizpide. Maider Arregik hartu dio lekukoa. Diario Vascon lanean dabilen kazetariaren azalean sartu da. Fin kantatu du lehen bertsoa, baina bigarrenean isilik geratu da une batez, Oñatiko zaleak une batez dardarka utziz. "Lapsus moduko bat izan dut; aurrez abestutakoa errepikatzea falta zitzaidan, baina ezin gogoratu geratu naiz. Eskerrak publikoa abesten hasi den, bestela..." azaldu du GOIENAko mikrofonoan. Sustoaren ostean, hirugarren bertso dotorea bota du. 
 
Amaieran, honela banatu dituzte puntuak epaimahaiko kideek:
  • 1. postua: Haritz Mujika; 447 puntu.
  • 2. postua: Maider Arregi; 436 puntu.
  • 3. postua: Felix Zubia; 428,5 puntu.
  • 4. postua: Amaia Iturriotz; 416,5 puntu.
  • 5. postua: Aratz Igartzabal; 403 puntu.
  • 6. postua: Andoni Mujika; 380,5 puntu.
"Bigarren geratzea subidoia izan da; ez neukan batere garbi zein postutan geratuko nintzen eta poz handia hartu dut. Ez dakit beste saioetako puntuazioak nolakoak izango diren, baina nahiz eta final laurdenak ez ziurtatu, pasatzeko aukerak izango ditudala uste dut". Horiek izan dira Arregiren hitzak, saio bukatu eta gutxira.
 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak