Izaro Elorza Oñatiko alkatea eta udalbatzako kideak Arantzazun izan dira, baita Aldundiko, Batzar Nagusietako eta Jaurlaritzako hainbat ordezkari ere: Markel Olano diputatu nagusia, Aintzane Oiarbide, Ainhoa Aizpuru, Maite Peña, Eider Mendoza eta Imanol Lasa foru diputatuak, Bakartxo Tejeria legebiltzarreko presidentea eta Arantxa Tapia Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako Sailburua.
Jaurlaritzako eta Aldundiko ordezkariak heldu direnean, harrera egin diete Oñatiko alkateak eta udalbatzako kideek, eta Oñatz dantza taldeko bi dantzarik, berriz, aurreskuarekin egin diete ongietorria.
Momentu berean, Etxerat elkarteak antolatutako elkarretaratzea egin dute santutegiaren kanpoaldean, 11/13 sumarioan epaituko dituzten 47 kideen egoera eta euskal presoen dispertsioa salatzeko, Elkartasuna ez da delitua, 47ak herrian eta Etxean nahi ditugu, dispertsioa STOP! lemapean.
Meza nagusiari dagokionez, azken urteetako moduan, Jose Ignazio Munilla gotzainak eman du, eta lepo bete da santutegia. Sermoian, justizia sozialaren arloan eman beharreko aurrerapausoak izan ditu hizpide Munillak, eta mendebaldeko herrialde garatuek horren aurrean daukaten ardura azpimarratu du, besteak beste. Horrez gain, datorren urrian hastekoa den hilabete misiolarirako laguntza eskatu dio Arantzazuko Amari.