Inbertsioen berrantolaketa egingo du Oñatiko Udalak

Oihana Elorza Gorostiza 2019ko uzt. 24a, 18:05

Atzo, martitzena, egin zuen Oñatiko udalbatzak uztaileko osoko bilkura eta hantxe onartu zuen aho batez, udalbatzak agintaldi honetan liberatuta egongo diren zinegotzi kopurua eta bakoitzak izango duen soldata. Alkatea izango da %100 liberatuta egongo den ordezkari bakarra; 3.480,70 euroko soldata gordina kobratuko du, aurreko alkateak, Mikel Biainek, baino 4.429’20 euro gutxiago urtean. Alkateaz gain, beste lau udal ordezkari egongo dira liberatuta agintaldi honetan: Udal Gobernuko kide diren Xabier Igartua (%50ean), Anik Zubizarreta (%60an) eta Iñaki Olalde (%30ean), eta oposizioko udal bozeramailea, Ainhoa Galdos (%60an).

Zinegotzien bertaratzeei buruz, aldaketa egon da. Ekaineko osoko bilkuran asistentziak ez kobratzea onartu zuten alde bietako ordezkariek, baina zinegotzi jeltzaleek bertaratzeak kobratzea eskatu dute eta halan egingo dute; 214,14 euro zinegotziko eta hileko. EH Bilduk uko egin dio eta arrazoiak aipatu zituen alkateak, "udala herrigintza" moduan ulertzen dutela esanez.

Diru kontu gehiago ere izan ziren atzoko osoko bilkuran Oñatin. Inbertsioen berrantolaketa onartu baitzuen udalbatzak. Kiroldegiko proiektua egiteko mailegua eskatu behar du Oñatiko udalak. 2019ko aurrekontuetan hori egitea aurreikusita zegoen. Araudi ezberdinak tarteko, Foru Aldundiaren eta udaleko kontu-hartzailearen gomendioei jarraituz, mailegu hori zatika edo urteka eskatu beharrean, dena batera eskatuko dute: 11 milioi euro guztira. Horietatik hiru udala %81ean jabe den Ur Jauziak enpresari eskatuko dio eta beste zortzi eskaintza onena egiten dion herriko banketxeari. Datozen hiru urtetan egingo diren inbertsioei aurre egiteko da mailegu hori, ez bakarrik kiroldegi berriko gastuak ordaintzeko. Izan ere, Udal Gobernuak datozen hiru urtetan 15,5 miloi euro inbertituko dituela aurreikusi du. Lehentasuna, baina, kiroldegiaren handitze eta eraberritze proiektuaren lehen faseak izango du. Horrekin bukatu arte ez dira Olaitturriko proiektuarekin hasiko.

Inbertsioen berrantolaketa aho batez onartu zuen udalbatzak baina alderdi jeltzaleak adierazi zuen udalak gaur egun duen egoera ekonomikoa kezkagarria dela aurreko legealdian, EH Bilduko Udal Gobernuak, kiroldegiko proiektuari dagokionez,egin zuen gestio txarrarengatik. EAJko udal bozeramaileak, Ainhoa Galdosek, esan zuen ez dagoela gerakinik eta gainera ondorengo urteetan udala hipotekatu egin beharko dela. Herritarrei ez zaiela egia esan ere esan zuen Galdosek eta ez dela plan finantziero bat.

EH Bilduko ordezkariak pozik agertu dira jeltzaleek ere onartu dutelako inbertsioen berrantolaketa, baina ez dute etorkizuna hain beltz ikusten.

Bestalde, Tafallako herriari elkartasuna adierazi dio udalbatzak eta 4.000 euroko diru ekarpena egitea onartu laguntzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak