Eskaera zuzena egin diote Guardia Zibilari Oñatin, herritik joateko

Oihana Elorza Gorostiza 2019ko eka. 15a, 14:31

Dozenaka herritar elkartu dira Oñatiko Foruen plazan 'Jare Kuartela' mezuarekin argazki erraldoia ateratzeko. Ia 2.000 sinadura lortu dituzte Guardia Zibilari esateko Oñatitik joateko eta politikariei gaian inplika daitezen eskatzeko. Goizean hasitako festa giroa gauera arte luzatuko da.

Duela hilabete hasi ziren sinadurak batzen Guardia Zibila Oñatitik joan dadin eskatuz. Gaur ari dira egiten Jare Kuartela eguna eta gaur arte batutako sinadurak politiko eta erakundeetako ordezkariei entregatuko dizkiete, gai hau "serio" hartu eta gaian inplikatzeko.

Janaria eta edaria zuten mahaiak jarri dituzte Foruen plazan goizean eta herriko ekoizleen eta banatzaileen ardoa eta gazta eskaini dituzte, besteak beste. Baita era askotako pintxo edo mokadutxoak ere, herriko elkarte gastronomikoetan gertatutakoak. 13:30ean argazki erraldoia atera dute plazan bertan. Batutako sinadurak eta argazki hori politikoei entregatuko dizkiete. Jare Kuartela herri ekimeneko kideen esanetan Oñatiko udalbatza osatzen duten alderdi bietako ordezkariekin egin dute berba gaiari buruz.

Gauera arte luzatuko da gaurko aldarrikapen eguna. Arratsaldean jolasak egingo dituzte, iluntzean kalejira txarangarekin eta gauean zuzeneko musika emanaldiak gaztetxean.

Oñatiko udaltzaingoak baieztatu duen moduan, bestalde, Covitek kuartel aurrean 15:00etatik 21:00etara elkarretaratzea egiteko eskaera egin du udaltzaingoan.

Terrorismoaren Biktimen Elkarteko kide batzuk 18:30ean heldu dira kuartelaren parera eta elkarretaratzea egin dute han, elkarteko kartelaren atzean, "Oñati inguruan ETAk eraildako zortzi guardia zibilen" argazkiak eskuetan zituztela. Tartean zeuden elkarte horretako EAEko, Logroñoko eta Gaztela Mantxako ordezkariak. "Bi arrazoi hauengatik etorri gara gaur Oñatira: batetik hildako Guardia Zibil horien oroimena omentzeko eta bestetik, esateko ez dugula gura Guardia Zibila hemendik joatea, ezker abertzaleak urtez urte eskaera egiten badu ere. Herri honetan aske ibiltzeko bermea dira elkarteko kideontzat eta jende zintzoarendako", adierazi du Jorge Motak, Terrorismoaren Biktimen Elkarteko EAEko delegatuak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak